'Kax kax kalabax' estreinatu dute Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek jaien etorrera iragartzeko

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 7a, 11:48
Joan Batailatea Deunaren elizan izan zen emanaldia, atzo
Alegiako Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek Karmen jaietako emanaldia aurreratu dute aurten, eta igandean, uztailak 4, eskaini zuten Joan Batailatzea Deunaren elizan. Emanaldiko azken abestia elkarrekin abestu zuten bi abesbatzek, David Azurzak kontzertu horretarako eginiko obra bat hain zuzen; 'Kax kax kalabax'.

Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek eskainitako azken kanta David Azurzak idatzi zuen, Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak eskatuta, eta “Kax kax kalabax (JolaSuite)” izena du . Zortzi minutuko kanta da, eta haur testuetan oinarrituta dago abestiaren hitza. Musikarien laguntzarekin abestu zuten abeslariek, horien artean, Aitor Furundarena soinu-jotzaile ezaguna. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak sorkuntza koralerako ematen duen diru laguntza jaso du kantak.

Hori dena den, azken abestia izan zen. Hori baino lehenago ere entzuleek emanaldi bikaina entzun ahal izan zuten. Taldeko gazteenak izan ziren lehenak. David Azurzaren zuzendaritzapean bost kanta eskaini zituzten. Lehendabizi Benito Lertxundiren “Baliaren bertsoak” abestu zuten, eta ondoren, Algeriako eta Tunisiako bi haur kantu eskaini zituzten: “Pluf tizen tizen” eta “Param param”. Euren lanarekin amaitzeko, bi euskal doinu ezagun abestu zituzten, “Lau teilatu” eta “Furra furra”. Denak David Azurzak egindako moldaketak.


Musikagileez lagunduta abestu zuten Txintxarri Txikiko abeslariek: Ion Garmendia (xirula, txistua), Ana Egiazabal (txeloa), Aitor Furundarena (akordeoia), Aitor Iraola (pianoa) eta  Itziar Lujanbio (oboea).


Ondoren, helduen koruak abestu zuen Garbiñe Orbegozok gidatuta. Herri kantu ezagun batekin hasi zuten euren lana: “Boga boga”. Eva Ugalde musikagile donostiarraren “Begi urdin” abestia eskaini zuten gero. Ennio Morriconek “The Mission” filmerako konposatutako “Gabriel’s oboe” abestu zuten segidan, musikagileen laguntzarekin. Ondoren, milonga bat abestu zuten, “Jacinto chiclana” izenekoa. Amaitzeko bi euskal doinu abestu zituzten: “Kinkirrin kunkurrun” eta “Mutil txaleko gorri”. Azken abesti honetan Ibon Azpilikuetak alboka jo zuen eta Mirari Mendizabalek, berriz, panderoa. Zenbait kantutan Mariaje Rekondo herritarrak lagundu zien pianoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!