Taldeko gazteenak hasiko dira kantatzen David Azurzaren zuzendaritzapean. Bost kantu eskainiko dituzte. Lehendabizi Benito Lertxundiren Baliaren bertsoak abestu dute. Ondoren, Algeriako eta Tunisiako bi haur kantu eskainiko dituzte: Pluf tizen tizen eta Param param. Euren lanarekin amaitzeko, bi euskal doinu ezagun abestuko dituzte. Lau teilatu eta Furra furra. Musikagileez lagunduta abestuko dute Txintxarri Txikiko abeslariek: Ion Garmendia (xirula, txistua), Ana Egiazabal (txeloa), Aitor Furundarena (akordeoia), Aitor Iraola (pianoa) eta Itziar Lujanbio (oboea).
Ondoren, helduen koruak abestuko du Garbiñe Orbegozok gidatuta. Kantu herrikoi ezagun batekin hasiko dute euren lana: Boga boga. Eva Ugalde musikagile donostiarraren Begi urdin abestia eskainiko dute gero. Ennio Morriconek The Mission filmerako konposatutako Gabriel’s oboe abestuko dute segidan, musikagileen laguntzarekin. Ondoren, milonga bat abestuko dute (Argentinan eta Uruguain herrikoia den musika generoa), Jacinto chiclana izenekoa. Amaitzeko bi euskal doinu abestuko dituzte: Kinkirrin kunkurrun eta Mutil txaleko gorri. Azken abesti honetan Ibon Azpilikuetak alboka joko du eta Mirari Mendizabalek, berriz, panderoa. Zenbait kantutan Mariaje Rekondo herritarrak lagunduko die pianoan.
Azken abestia elkarrekin abestuko dute Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek. David Azurzak kontzertu horretarako eginiko obra bat izango da, Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak eskatuta eginikoa. Obrak Kax kax kalabax (JolaSuite) izena du eta zortzi minutuko iraupena dauka. Haur testu herrikoietan oinarrituta dago letra.
Musikarien laguntzarekin abestuko dute abeslariek, horien artean, Aitor Furundarena soinu-jotzaile ezaguna izango da.