Alegian sustraitutako abesbatzaren gidari

Felix Aiestaran 2014ko mai. 17a, 10:00

Alegian sustraitutako abesbatzaren gidari

Geografia eta Historia ikasketak, eta aldi berean musika ikasketak egin zituen. Lizentziatura amaituta 1986an Hernaniko Musika Eskolan plaza atera zuen. Joxe Gastesik 1990ean Txintxarri Abesbatzaren zuzendaritza uztean, Garbiñe Orbegozok Txintxarri Abesbatzaren zuzendaritza batuta eskuan du.
Herrrtik sortutako abesbatza izanik, belaunaldi desberdinetako hariari eusten jakin izan du eta duela lau urte abesbatzak 50 urte betetzean, herritarren babes eta berotasuna jaso zuten. Bere xumetasunean abesbatza ildo berriei muzin egin gabe, lanaren etekinaz kalitatearen aldeko erronkari eutsi nahi diote etorkizunean ere.


Nola murgildu zinen musika munduan?
Urte haietan Alegiako haur askok ikasi genuen txistua jotzen. Gero, 10-11 urterekin, On Bizente Aranburu apaizarekin hasi ginen pianoa eta solfeoa ikasten eta Donostiako kontserbatorioan azterketak egiten. Alegian bertan, Mari Paz Telleria irakasle ordiziarrarekin jarraitu nituen ikasketa hauek eta azken urteetako ikasketak Donostiako Kontserbatorioan burutu nituen.


Zein musika ikasketak egin dituzu?
Erdi mailako piano ikasketak eta goi mailako musika pedagogia ikasketak eginak ditut.


Noiz murgildu zinen Txintxarri Abesbatzan?
Txintxarri Abesbatza 1960an sortua izanik zortzikoa bihurtuta edo eutsi bazion ere, 1973an Joxe Gastesi eta gazte batzuk bilduta, berriro indartuta abian zen abesbatzan ari ziren ahizpak, eta horrelaxe gu ere kuadrillan sartu ginen 14-15 urterekin. Federazioak antolatutako ikastaroetan zuzendaritza ikasketak egiten aritua nintzen eta Hernaniko Musika Eskolan ere abesbatzak sortu nituen... 1990an Joxe Gastesik Txintxarri Abesbatzako zuzendaria izatea proposatu zidan eta baiezkoa esan nion.


Zer sentitu zenuen abesbatzako zuzendari izendatzean?
Ardura handia sentitu nuen Joxe Gastesi hogeita hamar urtez zuzendari lanetan aritu zelako. Bertan kantatzen nuelako jendea ezagutzen nuen, baina Joxe instituzioa izan zen Alegian eta erantzukizun handia izan nuen gainean. Jendearen aldetik harrera oso ona izan nuen.


Zein ukitua eman zenion abesbatzari?
Abesbatzak lan handia eman dit, Joxeren laguntza ere izan nuen eta zein abesbatza nuen eskuartean kontuan izanik ikastaroetan landutako gauza berriak sartzeko aukera izan nuen. Aurretik Joxek ere gauza berri ugari sartu zituen. Berarekin euskal kantak egiteaz gain, herrialde desberdinetako polifoniak eta herri abestiak ere kantatzen genituen. Ni ere berak irekitako bidetik, estilo eta sonoritate berriak sartzen saiatu izan naiz. Alde musikalak asko kezkatu izan nau, baina baita ere alor pertsonalak. Entseguetako harreman pertsonalei eusten jakin eta sortutako lagunarteak izugarrizko aberastasuna eman dit.


Zein ezaugarri izan behar ditu abesbatza zuzendari batek?
Alor musikaleko prestakuntza oso garrantzitsua da, zuzendariak jendearen harremanak ondo eramaten jakin behar du. Herri txiki bateko abesbatza batean gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatu eta erronka batzuk egiteko jarri behar dira. Hemezortzi eta hirurogeita bost urte tarteko kantariak daudela jakinik, zuzendariak taldekide aniztasun horren dinamika kudeatzen jakin behar du. Gaur egun, saioetarako kide guztiek ondo erantzuten dute, baina duela hogei urte afari edo bazkari bat egiteko-eta giro handiagoa zegoen gure artean.


Txintxarri Txiki abesbatzarekin harrobia ziurtatuta duzue, ezta?
Hamabost lagun biltzen dira bertan. Garai batean gehiago izaten ziren. Haurrek aukera gehiago izaten dute eta abesbatzako musika motara iristea kosta egiten da. Mutilak biltzea gehiago kostatzen da. David Azurzarekin ari dira eta saio dinamiko eta erakargarriak egiten dituzte. Gaur egun Txintxarri Txikiko hiru lagun gurekin batera ari dira abesten. Gure erronka gazte hauek taldean gustura sentitzea izango da.


Herriarekin zer-nolako lotura duzue?
Udalarekin dugun hitzarmena dela medio, hiru emanaldi egiten ditugu urtean zehar: Gabonetan, festetan eta Txintxarri Egunean. Bazkideak ditugunez, beraiei eskaintzen diegu Txintxarri Eguneko saioa. Santa Ageda bezperan, San Joan bezperan eta Olentzero egunean ere kalean aritzen gara. Udalak entseguak egiteko tokia uzten digu eta ematen digun diru laguntza ere guretzat oso garrantzitsua da. Herria ohitu egin da abesbatza izateaz. Emanaldiak egiten ditugunean herritarrek erantzuten dute eta beraiek izaten dira kritikari zorrotzenak ere.

Bestalde, abesbatzak badu elizarekin lotutako jarduera eta urtean zehar 4 egunetan ere meza abesten dugu: Eguberri egunean, Urteberri egunean, Karmen egunean eta Txintxarri egunean. Eta San Joan bezperan eta Karmen bezperan Salbea abesten dugu.


Afalostean kantatzeko ohitura ez al da galdu azken urteotan?
Geuri ere afalosteetan kantari hastea kosta egiten zaigu eta pena pixka bat ere ematen digu. Gure artean askotan hitz egin dugu  honi buruz eta badirudi lehen berezkoa zen zerbait galtzen ari dela.


Kanpoan ere aritu izan zarete. Zein izan dira emanaldi gogoangarriak?
80ko hamarkadan Alemaniara egin genituen bi bidaiak oso gogoan ditugu. Lehenengoak izan ziren eta oso bereziak guretzat. Geroago ere izan dira hainbat irteera gogoangarriak: Paris, Bretainia, Llanes, Galizia, Bartzelona, Burdeos, Almazan… Denboran gertuenak aipatzeagatik, Portugalen izan ginen 2010ean eta lehengo urtean Ezkarain izan ginen asteburua pasatzen eta bi egunak oso beteak izan ziren. Abesbatzako partaideentzat batzuetan ezinezkoa da egun askotako irteerak egitea eta oso ondo etortzen zaizkigu asteburuko egonaldiak.


Tolosako abesbatza lehiaketan aritu zineten...
Tolosako Abesbatza Topaketa egitarauaren barnean, parte hartzeko aukera izan genuen 2009an. Konpromiso handia izan zen eta izugarrizko lana egin genuen prestatzeko. Oso gustura atera ginen.


Txintxarri Abesbatzaren 50. urteurrena ospatu zenuten 2010. urtean...
Kontzertu bereziak egin genituen. Txintxarri Egunerako emanaldirako abesbatzan aritutako guztiak gonbidatu ziren. Hiru kanta egiteko laurogei inguru abeslari bildu ginen egun horretarako. Emanaldi oso berezia izan zen. Gabonetarako ere Tolosako Musika Eskolako Bandarekin saioa eta karmenetan Tolosako Iñaki Letamendiaren txistu taldearekin agin genuen.


Belaunaldien arteko hariari eusten jakin izan duzue...
1973an hasi zireneko taldekideak baditugu, eta hortik behera, adin desberdinetako partaideak 17 urteetara iritsi arte. Txintxarrira abestera datorrenak, eroso sentitu araziko duten taldekideak aurkituko ditu.


Berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunetan herritarren berotasuna jaso zenuten, ezta?
Bai, erantzun ona jaso genuen eta herrian ospakizunak oso aintzat hartuak izan ziren.


Badituzue abesbatza bazkideak ere...
Bai, urtean hamar euroko kuota ordaintzen dute eta beraien babesa eskertzekoa da. Guretzat garrantzitsua da beraiek hor daudela jakitea.


Une honetan nola dago Txintxarri Abesbatza?
Hogeita hamar lagun gaude gaur egun. Kopuru ona da. Astean ordubete eta erdiko entsegu egun bakarra izaten dugu ostegunero. Egun bakarra izanaz jendearen asistentzia ona izaten da. Aipatzekoa da ere Alegian bizi ez direnen partaide kopurua taldeko herena suposatzen duela.

 

Gero haur gehiagok ikasten dutenez musika, maila berean inguratuko al dirasbatzetara?
Gazteak abesbatzetara inguratzeko eskola eta musika eskoletan badago egiteko lana. Musika eskoletan abesbatza eratzen da, askotan behartuta daudelako, besterik gabe. Orokorrean, Musika eskoletan gehiago bultzatzen dira musika talde instrumentalak. Musika eskoletan abesbatza iraunkor gutxi daude.


Zein da abesbatzen egoera oro har?
Abesbatzen mundua hobeto egon izan da, duela hogeita bost-hogeita hamar urte inguru zuzendari gazte ugari hasi zen eta egon zen hor mugimendua Gipuzkoan taldeek maila ona lortuaz. Gipuzkoan ehun abesbatza baino gehiago gaude federatuta. Kopuru handia da, baina bestetik, emanaldi gutxi sortzen dira eta diru gutxi dago. Gure mailan, emanaldi gehienak afari, luntxa edo batzuetan hutsaren  truke ere egiten dira. Abesbatzak abestu egin nahi du eta horretarako entseguak egiten ditugu.


Zer eman dizu Txintxarri Abesbatzak?
Txintxarri Abesbatzak lagun ugari eta lana eginaz lortutako musika emaitza ederrak eskaini dizkit.


Zein erronka duzue esku artean?
Otxandioko Abesbatzarekin trukea egiteko asmoa dugu eta maiatzaren 17an bi abesbatzek Alegian emanaldia egingo dugu eta udazkenean hara joango gara. Maiatzaren 24an Legorretako abesbatzarekin egingo dugu trukea Legorretan. Festetako emanaldia uztaileko lehenengo asteburura aurreratu da eta Txintxarri Txiki eta Txintxarri  abesbatzek David Azurzaren Kax kax kalabax obra estreinatuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!