Baratze bat egiten ikasi ahalko da Alegiako estreinako azoka ekologikoan

Iñigo Terradillos 2014ko api. 29a, 10:24
Baratze parkean izango da, igandean; elikagai eta landareen sei postu egongo dira.

Azoka ekologikoa egingo dute Alegian, lehenengoz, datorren igandean, hilaren 4an. Beloztegi Herri Baratzak antolaturiko ekimena da, Ekoguneren eta Alegiako Udalaren laguntzarekin, eta baratze parkean egingo da, goizez, 10:00etatik 14:00etara.
Sei postu egongo dira orotara. Batetik, Zarauzko Blasenea barazki mintegi ekologikoa izango da. Landare ekologikoak zein haziak edukiko dituzte bertan. Lurberry fruitu txikien mintegia ere bertan izango da, masustak, mugurdiak, ahabiak eta abarrekin.
Kimu Bat lorezaintzak ere bere postua izango du igandeko azokan. Alegiako herri baratzeetan aholkulari moduan aritu dira, eta azokan ere eurengana gerturatu eta zalantzak argitu eta aholkuak jaso ahalko dira, baratza ekologikoen inguruan.
Aldabazahar baserrikoak ere Alegian izango dira, eta beraiek eginiko elikagai ekologikoak jarriko dituzte denen eskura, gazta, jogurta eta ogia, besteak beste. Han Goiko baserrikoek, berriz, arrautzak edota flanak eramango dituzte. Azkenik, Alegiako DBHko ikasleek ere euren postua izango dute, eta pintxoak zein edaria jarriko dute.


Bestalde, postu ekologikoetatik igarotzeaz gain, igandean Alegiako azokara joaten denak baratze bat nola egin ere ikasi ahalko du. Izan ere, Kimu Bat lorezaintzak gaztetxo nahiz helduentzako tailerra eskainiko du, 12:00etan. Bertan, landaketa nahiz ereite prozesuaz ariko dira, eta guztiek ikusi eta ikasi ahalko dute, erakustalditxoa egingo baitute lurrean.

 
 

Gari Zubillaga, Alegiako baratze parkeko kidea

"Oso esperientzia aberasgarria da, eta gainera, filosofia bat ari gara sustatzen"

Urtebete igaro da Alegiako baratze parkea martxan jarri zenetik, eta bertan ari diren alegiarrak, «oso gustura» daudela azaldu du Gari Zubillaga Beloztegi Herri Baratzak elkarteko kideak.

Zenbat herritar zaudete une honetan baratze parkean?
38 alegiar gaude, eta bakoitzak 60 m2ko saila du. Parke osoa ia beteta dago.  

Harrera ona izan du, beraz, ekimenak.
Bai. Udalak lursail bat jarri zuen herritarren eskura, eta guztiei egin zien deialdia. Interesa zuen orok aukera zuen lur sail horren zati batean bere barazki ekologikoak ekoizteko, eta erantzuna oso ona izan da.

Nolako jendea ari da parte hartzen ekimen honetan?
Era guztietako herritarrak daude, kolore ezberdinetakoak. Jende heldua dago, eta baita gazteak ere, Alegian jaiotakoak, beste herrietatik etorri direnak, eta baita etorkinak ere, euskaraz dakitenak, eta ez dakitenak... denetarik.

Urtebete igaro da proiektua martxan jarri zenetik. Zer balantze egiten duzue?
Oso esperientzia aberasgarria da, eta oro har, oso gustura gaude. Ez soilik lur saila ematen ari denarekin edo ekoizten ari garenarekin, baizik eta filosofia bat sustatzen ari garelako.

Zer filosofia?
Baratze ekologikoak diren heinean, ingurumenarekiko errespetua bultzatzen dugu, esaterako, izurriteei aurre egiteko, zigilu ekologikoak dituzten agenteak erabiliz.

Igandean lehenengo aldiz azoka egingo duzue.
Baratze parkeko kideen artean elkarte bat sortu dugu, eta elkartean erabaki genuen azoka bat antolatzea, mundu ekologikoa bultzatzeko helburuz. Estreinako azoka denez, xumea izango da, eta erantzunaren arabera ikusiko dugu hurrengoa nolakoa izango den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!