Alegiarrak ezustean harrapatu dituen erakusketa

Asier Imaz 2014ko api. 24a, 09:30
Rafael Ladron alegiarrak ezustean harrapatu ditu herritar ugari. «Jende askok esan didate nire alde hori ez zutela ezagutzen», dio berak. Bizi osoan gustuko izan duena, jendaurrean jarri du orain, lehen aldiz, Alegiako Erretirodunen Tabernan. Eta aipatu bezala, harridura sortu du.


Calcinor enpresan bizi osoa lanean pasa ondoren, denbora libreaz gozatzeko aukera eman diote orain Ladroni. Hala eta guztiz ere, tarte horretan, txikitako afizioak ez du etenik izan; nahiz eta nahi adina denbora ez eskaini. «Betidanik gustatu izan zait marraztea. Gure amak, 'pinta monas' deitzen zidan, beti marrazten zebilen haurra nintzelako. Gero, bizi guztia harrobian pasa dut lanean. Ez duzu nahi duzun guztia egiteko denbora izaten. Hau, finean, afizio bat besterik ez da».
Txoko guztietan marrazten zuen ume hark modu berean jarraitu zuen, eta Rafael Ladronen emazteak hori ongi daki; 18 urte zituenetik, senarraren artista begiak gainean izan ditu, denboraren igaroa marrazki bidez islatuz.


Etxekoentzat eta lagunentzat egindako lan haiek, Alegiako Erretirodunen Tabernari esker ikusi dute argia. «Erakusketa bat jartzen dudan lehen aldia da. Nire pintura, nik zirriborroak direla esaten dut, jendeari gustatu egin zaiola jakitea oso pozgarria da niretzat. Askok zoriondu naute herrian, eta horrek harro sentiarazten nau. Noski, izango da gustatu ez zaizkiona ere, baina iritzi guztiak dira onargarriak. Nire ustez, garrantzitsuena aukera bera da». Aukera hori eskaintzen denbora darama Alegiako Erretirodunen Tabernak. Hilero hilero erakusketa desberdinak jartzen dituzte. Kasu honetan, herritar baten lanak eta egutegia medio, maiatza guztira luzatuko dute Rafael Ladron artistaren lana ikusteko aukera.

Gustuko guztia marraztuz
Arte figuratiboa, erretratuak, paisaia... gustatzen zaiona pintatzen du Rafael Ladronek; «denetik». Ikusten duena ahalik eta modu errealistenean islatzea gustatzen zaio. Alegiako zubia, adibide hartuta, bere marrazteko modua honela laburbiltzen du artista alegiarrak: «Argazki bat atera eta etxean marraztu nuen. Ni ez naiz jartzen jendearen aurrean marrazteko traste guztiekin. Zubiari begira bertan jarri eta ez naiz pintatzen hasten. Horretarako ez dut balio nik. Argazkia atera, eta hortik kopiatzen dut oihalera. Kasu honetan, neguko argazkia zen, eta ibai inguruan ez zen berderik ageri. Udan eta udaberrian berde gehiago izaten da, eta hor bizi naizenez eta lekua ongi ezagutzen dudanez, koadroari berde gehiago sartu nion. Politagoa, gustagarriagoa egiten zitzaidan horrela. Truko txiki bat egitea bezala izan zen».
Arkatza, ikatz-marrazkia, oleoa... denak ditu gustuko Ladronek. Zailena, eta egunen batean proba egitea gustatuko litzaiokeena, akuarela da alegiarrarentzat; modu horretan marrazten dutenak miresten dituela dio, eta errespetu handia diela artista horiei. Saiakera batzuk egin arren, arantza hori dauka barruan. Bien bitartean, gustuko guztia marrazten jarraitzeko gogotsu dabil. Bere herrian jaso duen erantzuna jasotzen jarraitzen baldin badu, are eta arrazoi gehiago lanketa horretan jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!