Alegiatik egin du zuzenekoa, irratiak

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 21a, 08:49
Irratiak Alegiako plazatik egin zuen saioa ostiralean, eta ez da irratsaio bakarra izango, izan ere, maiatzaren 16a bitartean, ostiraleko, zuzenekoa herri batetik egingo du. Hilaren 28an Altzoko txanda izango da.

 

Unai Iraola alkatea, herriko ikastetxeetako ikasleak, Sutarri dantza taldea, gaztetxea, Txintxarri abesbatzako Garbiñe Orbegozo, Intxurre futbol taldeko eta bertso eskolako  Felix Irazustabarrena, Anjel Mari Oiartzabal herritarra edota Patxi Jauregi Pilota federazioko lehendakaria izan dira gaur, Atariak Alegiako plazatik egin duen irratsaioan.

Alegiar asko pasa dira hortaz Ataria Irratiaren mikrofonoetatik. Izan ere, Tolosako ohiko egoitzatik irten eta Alegiako plazatik bertatik egin da Ataria Irratia. Eta ez soilik irratia; webgunea Alegiako plazatik elikatu baitugu.


Azken konponketa teknikoek emaitza onak eman dituzte eta egun, ia eskualde osoan ondo entzun daiteke Ataria Irratia 107,6 fm-ean. Hori ezagutarazteko eta herritarrek irratian zuzenean parte har dezaten ahalbidetzeko, Ataria Irratia Alegialdeko zazpi herrietan izango da kanpainak irauten duen bitartean. Ostiralero, zazpi herri horietako batetik egingo da saioa, txandaka, eta hurrengoa Altzon izango da.


100 harpidetza berri helburu
Eskualdeko zazpi herrietan, 100 Atarikide berri lortzeko erronka jarri dio bere buruari Tolosaldeko Atariak: Abaltzisketan, Alegian, Altzon, Amezketan, Baliarrainen, Ikaztegietan eta Orendainen. Mila baietz!, zatoz euskararen Atariara lelopean urte hasieran Leidor aretoa bete zuen bertso jaialdiarekin abiaturiko kanpainaren bigarren ekimena izango da Alegialdekoa.


Ehun atarikide berrirekin, astero, Atarikide guztiek aldizkaria etxean bertan jasotzea ziurtatuko litzateke. Eta gainera, egunero-egunero Ataria Irratia, ataria.info webgunea eta Atariaren bestelako argitalpenak egiteko behar-beharrezkoa den diru kopuruaren parte handi bati aurre egiteko modua izango litzateke.


Tolosaldeko Ataria ahalik eta herritar gehienei helarazteko eta egunero egiten den lana ezagutarazteko, maiatzaren 16a arte, ostiraleroko astekaria Alegialdeko etxe guzietara banatuko da. Zazpi udalerrien laguntza bereziari esker, herritar guztiei egunero egiten den lanaren berri ematea da helburua. Eta behin asmoa hori erdietsita, aurrera begira jarraitzeko behar dugun sostengu ekonomikoa lortzea izan behar luke ondorioa. Hots, Alegialdean 100 Atarikide berri lortzea.

 

 
 

Hurrengo hitzorduak

- Martxoak 27: Aurkezpena Amezketan, 19:00etan.
- Martxoak 28: Irratsaioa Altzon.
- Apirilak 4: Irratsaioa Ikaztegietan.
- Apirilak 11: Irratsaioa Abaltzisketan.
- Apirilak 25: Irratsaioa Orendainen.
- Maiatzak 9: Irratsaioa Amezketan.
- Maiatzak 16: Irratsaioa Baliarrainen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!