Iragan ostegunean, Berria Txapelketan jokatzeko aukera izan zuten Intxurreko pilotariek, Lasarteko Intza pilota eskolakoen aurka, eta 2-1 irabazi zuten. Garaipenak kadeteen eta nagusien mailan lortu zituzten, eta porrota jubenilen partidan.
Hurrengo egunean, ostiralean, Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen duen Udaberri Txapelketako kadete mailako finalerdia irabazi zuten Arandia-Aizpitartek, Oiarbide-Oiartzabal urnietarren aurka: 22-18. Finalerdiak izaki, finalerako txartela lortu zuten Alegiako Pilota Elkartekoek. Azken lehia, andoaindarren aurka jokatuko dutena izango da.
Larunbatean, azkenik, emakumeen Euskal Herriko Irekia Txapelketako finalak jokatu ziren Zierbenan. Hiru txapel zeuden jokoan eta Intxurreko Murua-Senperenak bigarren mailako txapela eskuratu zuten Tijero-Gutierrez hernaniarrei irabazita.
Asteburu honi dagokionez, bihar jokatuko dituzte euren partidak Intxurrekoek. Alegian, pilota jaialdia 19:30ean hasiko da, eta bi norgehiagokek osatuko dute.