Inposaketen aurka eta ikurrinaren alde, igandean

Asier Imaz 2014ko martxoaren 12a

Alegiako Ikurrinaren Aldeko Herri Ekimenak ekitaldia antolatu du iganderako

Eskualdeko beste hainbat herritara bezala, Alegiara bandera espainola udaletxean jartzeko agindua iritsi da. Honen aurrean inposaketaren aurkako eta ikurrinaren aldeko eguna antolatu dute hilaren 16an, igandean.

Aginduaren aurrean Alegian bi erreakzio egon dira. Alde batetik, herritarrek Ikurrinaren Aldeko Herri Ekimena antolatu dute, eta bestetik, udal ordezkariek ere euren ekarpena egin dute. Biek, iganderako ekitaldietan parte hartzeko eskatu diete herritar guztiei. Lehenek ikurrinaren aldeko aldarria zabaldu dute, eta bigarrenek, horrekin bat egin dute.

Idatziaren lau puntu nagusiak ondorengoak dira: «Agindua, alegiarron gehiengoaren sentimenduen kontrako da; inposatzen zaigun banderak ez du inoiz herri hau ordezkatu; askatasunez erabakitzeko eskubidearen ukapena da eta guzti honengatik, Alegiako herriari zutitzeko eskatzen diogu». Inposaketen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa dela azaldu dute, eta horren harira kokatu dute igandeko aldarrikapen eguna.

Hori dela eta, Alegiako Udalak hilaren 16ko ekitaldietan parte hartzera eta balkoietan ikurrina jartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak eta gogorarazten du, asteburu honetan ikurrinak banatuko direla plazan. Azkenik, eskari bat luzatu diete alegiarrei, udaletik eta herri ekimenetik: norberak bere etxeko balkoian ikurrina jartzea. Euskal ikur hori igandean bertan banatzen ariko dira.

Egitaraua

Martxoak 16, igandea
10:00. Langaurrera martxa egingo dute plazatik abiatuta. Bertan, ikurrinari omenaldia egingo diote.
12:30. Ekitaldia Bulebarren:
• Ikurrinaren igotzea.
• Txalaparta emanaldia.
• Bertsoak.
• Dantza.
• Hamaiketakoa.

Amasa-Villabonan batzarra

Astelehenean, hilaren 17an, 'Inposaketarik ez' batzarra egingo dute Udaletxeko erabilera anitzeko gelan, 19:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!