Alegialdean lehen hitzordua

Tolosaldeko Ataria 2014ko martxoaren 11

Gaur Atariaren aurkezpen bilera izango da 19:00etan Alegiko kultur etxean; bihar, Alegialdeko etxe guztietara astekaria banatzeko kanpaina hasiko da.

Ehun. Eskualdeko zazpi herrietan, 100 Atarikide berri lortzeko erronka jarri dio bere buruari Tolosaldeko Atariak: Abaltzisketan, Alegin, Altzon, Amezketan, Baliarrainen, Ikaztegietan eta Orendainen. 'Mila baietz!, zatoz euskararen Atariara' lelopean urte hasieran Leidor aretoa bete zuen bertso jaialdiarekin abiaturiko kanpainaren bigarren ekimena izango da Alegialdekoa.

Ehun atarikide berrirekin, astero, Atarikide guztiek aldizkaria etxean bertan jasotzea ziurtatuko litzateke. Eta gainera, egunero-egunero Ataria Irratia, ataria.info webgunea eta Atariaren bestelako argitalpenak egiteko behar-beharrezkoa den diru kopuruaren parte handi bati aurre egiteko modua izango litzateke.


Alegialdean 100 Atarikide berri lortzeko kanpaina honen lehen hitzordua gaur izango da, 19:00etan, Kultur Etxean. Bertan, Atariari buruzko bideoaren emanaldiaren ondotik, Atariaren aurkezpena egin eta bertara bildutako herritarrekin, elkarlanean nola aritu hitz egingo da. Gauza bera egingo da hilaren 18ean Abaltzisketan (20:30ean, Goibegi zerbitzu etxean) eta 20ean Altzon (19:00etan. udaletxean) antolatuko diren ekitaldietan.

Bestetik, Tolosaldeko Ataria ahalik eta herritar gehienei helarazteko eta egunero egiten den lana ezagutarazteko, bihartik hasita eta maiatzaren 16a arte, ostiraleroko astekaria Alegialdeko etxe guzietara banatuko da. Zazpi udalerrien laguntza bereziari esker, herritar guztiei egunero egiten den lanaren berri ematea da helburua. Eta behin asmoa hori erdietsita, aurrera begira jarraitzeko behar dugun sostengu ekonomikoa lortzea izan behar luke ondorioa. Hots, Alegialdean 100 Atarikide berri lortzea.

Irratia herriz herri

Azken konponketa teknikoek emaitza onak eman dituzte eta egun, ia eskualde osoan ondo entzun daiteke Ataria Irratia 107,6 fm-ean. Hori ezagutarazteko eta herritarrek irratian zuzenean parte har dezaten ahalbidetzeko, Ataria Irratia Alegialdeko zazpi herrietan izango da kanpainak irauten duen bitartean. Ostiralero, zazpi herri horietako batetik egingo da saioa, txandaka.

Irratsaio horietan ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten, datozen egunetan jarriko gara herriko eragileekin harremanetan.

Aurkezpenak:
Alegia: Gaur 19:00etan kultur etxean
Abaltzisketa: Martxoaren 18an asteartea 20:30ean Goibegi zerbitzu etxean
Altzo: Martxoaren 20ean osteguna 19:00etan udaletxean

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!