‘Emarock’ dokumentala eskainiko dute gaur Alegian

Asier Imaz 2014ko urt. 22a, 07:48
Zuzeneko Instanteak iragan ostiralean aurkeztu zuten Alegiako kultur etxeko goiko solairuan. Musika taldeen inguruko erakusketa da Zuzeneko Instanteak, eta horren harira, beste hainbat ekimen. Tartean, gaur eskainiko dute dokumentala: Emarock iragana, oraina eta geroa! Gaztetxean eskainiko dute proiekzioa 22:00etan, eta Euskal Herriko musika eszenan emakumea eta musikaren arteko erlazioaren inguruko gogoeta egiten da bertan. Urtarrilaren 24an, ostiralean, Zuzeneko Instanteak egitasmoa Alegiako tabernetara joango da. Iskiñan, 22:30ean, Belarmiñakeko kideek kontzertua eskainiko dute. 23:45ean, Hilario Berrin, Azkaiter Pelox-ekoak ariko dira zuzenean.

Koldo Otamendi andoaindarra Zuzeneko Instanteak egitasmoaren atzean lanean ari da. Otamendi, musikazuzenean.com webguneko kidea da, eta udalaren eta gaztetxearen laguntzarekin eraman du egitasmoa Alegiara. «Gutxi gorabehera erakusketan 50 argazki inguru daude. Euskal Herriko musika taldeen lagin txiki bat da. Eszena komertzialagoko taldeetatik hasi, eta eszena underground-eko taldeetara». Berri Txarrak edo Betagarri egongo lirateke alde batean, eta Erantzun bezalako taldeak bestean.
Erakusketaren ideia musikazuzenean.com webguneko kideei sortu zitzaien. Agenda moduan funtzionatzen du web orriak, baina hainbat atalen artean, argazkiena dauka. Komunitate bezala funtzionatzen dutenez, nahi duenak bere argazkiak zintzilika ditzake musikazuzenean.com-en. «Orduan, 20 argazkilari inguru kalitatezko argazkiekin genituela ikusi genuen», dio Otamendik. Ideia hortik sortu zen. Komunitateko kide horiekin hitz egin, bakoitzaren hiru edo lau argazki lortu, eta erakusketa osatzea otu zitzaien musikazuzenean.com-eko kideei.
Andoainen hasi ziren Zuzeneko Instanteak erakusten. Ondoren, herriz herri jarraitu dute, besteak beste, Korrika Kulturalaren eskutik. Koldo Otamendiren esanetan, helburua zuzeneko musika bultzatzea da, eta jendea hauetara joatea, nahiz eta talde ezagunenak ez izan, Euskal Herriko musika eszenan talde ezezagun ugari daudelako.
Ia bi urteko ibilbidea darama erakusketak, eta erantzunarekin gustura daude antolatzaileak; jendeak interesarekin begiratzen ditu argazkiak, eta Otamendiren ustez, horren arrazoia agerikoa da: «Argazkiek indarra daukate». Erakusketara gerturatzen denak ikusten ari dena entzuteko aukera izango du audio gunean. Irudietan dauden taldeen musika entzuteko gunean, kaskoak jantzi eta aukeraketa egitea nahikoa da horretarako.
Erakusketa kultur etxeko goiko solairuan egongo da otsailaren 1era arte. Astearte, ostegun eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara. Erakusketan, herriko argazkilari baten lanak ere ikusgai jarri nahi izan dituzte. Txarli Gesteiraren bildumara jo dute horretarako. Hauetako argazki batzuk gainera, Alegiako gaztetxean ateratakoak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!