Argigarria, benetan, bi arrazoirengatik:
Batetik, EAJk publikoki onartzen du, lehen aldiz, esplizituki babesten duela Asuncion klinikaren kudeaketa pribatua. Orain arte beti esaten zuten beren nahia zela ahalik eta kalitaterik oneneko osasun-zerbitzua edukitzea, zerbitzua kudeatzeko era zein den kontuan hartu gabe. Gaur, azkenik, maskara erantzi dute; gaur, azkenik, aitortu egiten dute kudeaketa publiko-pribatua dela onena Tolosaldearentzat.
Esan dut oharra argigarria dela bi arrazoirengatik: batetik, euskal eskuinak, estatuko beste eskuin batzuen moduan, bat egiten du osasungintzaren pribatizazioarekin. Bestetik, ordea, oso argigarria da eskualdeko alkateek osasun kontseilaritzarekin bilera izan eta bi egunetara iristea aipatutako prentsa-oharra.
Bilera hori 2013ko maiatzetik eskatzen ari ginen; urtebete baino gehiago generaman sinatutako hitzarmenaz sailak egindako balorazioa eskatzen. Azkenik, eskuratu ahal izan dugu dokumentu hori eta, orain, hura aztertzen ari gara.
Susmagarria iruditzen zitzaigun hainbeste kostatzea guri bidaltzea eskatutako dokumentazioa zeina eskuratu dugun ez sailari esker, baizik eta Eusko Legebiltzarrean dagoen lan-taldeari esker. Dirudienez, guk dokumentua aztertu aurretik EAJ saiatu da aurrea hartzen eta alkateen eskaera desitxuratzen; gainera, alkate guztiak ez dira Bildukoak.
Alkateok, Tolosaldeko alkate guztiok, ez gara demagogia egiten ari, informazioa eskatzen segitzen dugu. Eta eskatzen dugu kezkatuta gaudelako hitzarmen honen kostuagatik -20 bat milioi urtean-. Informazioa eskatzen dugu itxarote-zerrendak luzatu egin direlako, anbulatorioak desegiten ari direlako, eta ez dakigulako gai honek zein norabide hartuko duen eskualdean.
Demagogia ez da, kezka da, kezka pribatizazioak kudeatzailearen interesa esan nahi baitu (eta hau sailburuordeak berak onartu zuen) ez dela osasun-asistentziarik onena eskaintzea, etekin ekonomikorik handiena lortzea baizik. Kezka uste baitugu hitzarmena sinatu aurretik eskualdean zegoen osasun-asistentzia egokia zela, hobetu bazitekeen ere. Orduan ere eskaintzen zituen zerbitzuak Asuncion klinikak, ez zizkion, ordea, esparru publikoari kentzen.
Kuriosoa da gainera esatea herritarrek ez dutela zerbitzua ordaindu behar: besterik ez genuen behar! Invizak, Asunción klinikaren jabeak, 20 milioi euro kobratzen ditu urtean emandako zerbitzuengatik. Diru kopuru hori zergapeko guztiek ordaintzen dugu eta, gainera, urte askoz funtzionatu du -2012ko abendua arte- Enpresak Sustatzeko Zerbitzuen (ESZ) sistemaz zeina denok dakigun bezala, EAJk ere bai, altxor publikoari iruzur egiteko erabili den. Eta uste dugu horrekin faktura ordainduta dagoela, ondo ordainduta egon ere.
Alkateok daukagun kezkarik handiena Tolosaldeko osasun-sistema publikoa desegiten ari direla da eta behin deseginda ezinezkoa izango dela berregitea. Alkateok dugun beldurra da behin osasun-sare publikoa deseginez gero ez ote gaituzten utziko enpresa pribatu baten mende, hau da, beraren interesen mende. Hori zioen Noam Chomsky linguista eta politikoak: «Politika neoliberalak diseinatuta daude demokrazia hondatzeko, erabakiak botere pribatu baten mende utzita».
Alkateok ez dugu inoiz dudan jarri Asuncion klinikako langileen profesionaltasuna, eta beren laneko errebindikazioetan lagundu diegu; ez beste batzuek bezala, horiek klinika bakarrik defendatzen dute, hau da, kudeatzailea. Baina hori esateaz gain, argi eta garbi daukagu, hitzarmen honekin, klinikaren kudeatzailea dela onurarik handiena jasotzen duena, eta ez herritarrek, ez langileek, ez euskal osasun-zerbitzuak ez dute irabazten.
Hori denagatik, daukagun kezkagatik eta informazioa lortzeko oraindik daukagun zailtasunagatik, lanean segituko dugu bat baino gehiago lotsarazten eta salatzen osasuna ez dela merkatu-nitxo bat, osasunak segitu behar duela eskubide bat izaten. Batzuek, gertatutakoa ikusita, demagogo deituko digute, saiatzen direlarik egiten ari garen lana gutxiesten, zeren horixe baita defendaezina defendatzeko duten modua, hau da, zerbitzu unibertsal baten pribatizazioa. Herritarrontzat onena den osasun zerbitzua lortzeko lanean jarraituko dugu etsi gabe.
Unai Iraola, Alegiako alkatea