Jon Sarasua: "Euskarak badu nondik arnasa hartu eta nondik arnasa eman"

Igor Agirre 2013ko abe. 12a, 17:33
Alegiako Udazken Kulturalaren azken ekitaldia izango da astelehenean.

Euskararen egoera eta etorkizuna Euskal Herrian eta Alegialdean izenburupean eskainiko dute hitzaldia datorren astelehenean Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) eta Xabier Bengoetxea tolosarrak. Kultur etxean egingo dute hizkuntzaren inguruko gogoeta arratsaldeko 18:00etan.


Urte honetako irailean publikatu du bere azken liburua aretxabaltarrak, Hiztunpolisa  Liburuan dauden hainbat ideien inguruan mintzatuko da datorren astean.


Zeri buruz mintzatuko zara hitzaldian?


Niri Hiztunpolisaren inguruan hitz egiteko eskatu zidaten. Hortik abiatuta, euskararen egoera eta norabidea aztertuko dugu, ez euskal herritik begiratuta, baizik eta tokian tokiko guneetatik. Ondoren, gaia   herrira jaitsiko dugu.


Liburuaren sarreran aipatzen duzu eztabaida pizteko egindako hitzaldien tonua dutela liburuaren zati batzuek, asteleheneko hitzaldira ere eztabaida sortzeko asmoarekin al zatoz?


Helburua azkenean ideia batzuk partekatzea da, hortik aurrera nire aldartea ez da probokatzailea. Nire asmoa zalantza eta begiratu batzuk mahai gainean jartzea besterik ez da. Eztabaida baino gehiago nahiago dut elkarrizketa sortzea eta hortik aurrera posizio ezberdinen eztabaida sortzen bada, primeran.


Gaur egun, zein norabidetan dagoela euskara esango zenuke?


Iruditzen zait erantzuna oso konplexua dela. Erantzun oso sinplistak ematen ohituak gaude gai honen inguruan, uste handiak eduki dituen hamarraldi batetik gatoz eta iruditzen zait gero eta gehiago ari garela konturatzen edozein gizarte aldaketaren konplexutasunaz. Gainera, uste dut, euskararen egoeraren inguruan ezin dugula sinplifikatu, paradoxa bat barruan daukan egoera bat da eta. Alde  batetik, asko aurreratu da eta hori denari balio eman behar zaio ondo egin diren gauzetatik ikasi eta jarraitzeko. Beste aldetik, desafio berrien aurrean gaude eta egoera ez da pozik eta lasai egoteko modukoa. Uste dut konplexutasun hori gestionatzen ikasi beharrean  gaudela.


2013ko irailean publikatu duzu zure azken liburua, Hiztunpolisa.


Bai, liburuak bi alde ditu. Batetik, oinarri batzuk agertzen dira euskararen eta euskaltzaletasunaren etorkizunaz pentsatzeko. Beste zazpi kapituluak, berriz gogoeta organikoak dira, hau da, organoentzat pentsatuak. Hezkuntzari begira, euskararen gizarte erakundeen antolakuntzari begira, hedabideei begira eta kulturgintzari begira egindako segida bat da. Debaterako materiala izan nahi du Hiztunpolisak.


Zein egoeratan dago momentu honetan euskaltasuna?


Asko sinplifikatuz, gutxienez bost hamarralditan aldapa igoera gogor bat egin berri eta aldapa igo izanaren arnas estuarekin.  Aldapa bukatu eta tontorra zetorrela uste genuenean, tontorreko lautada beharrean  beste malda bat daukagula ohartzeko puntuan gaudela esango nuke.


Zertan egin du huts orain arte? Eta asmatu?


Trantsizio inguruan egon zen une ireki hori beharbada hobeto aprobetxatu zitekeen ilusio eta kontsentsu gehiagorekin. Kritikoak eta autokritikoak izateko moduan gara, atzera begiratuta, uste dut, euskaldunok  ezin dugula pozik egon politikari dagokionean.


Ondo berriz, gauza askotan ibili garela esango nuke. Herri ekimenetan oinarrituta hizkuntzarentzat azpiegiturak sortzen erreferenteetako bat gara mundu mailan. Argi dago horko estrategia batzuk ondo funtzionatu dutela eta goraldi nabarmen bat egin dugula azken hamarkadetan.


Bi indar abertzaleek euskararen inguruan hartu ditzaketen erabakietan adostasunak egoteak bidea erraztuko luke?


Zalantzarik gabe. Dibergentzia politikoak zilegi izan daitezke baina ez dago irtenbiderik hau bezalako gaietan adostasun batera iritsi ezik. Uste dut oso beharrezkoa dela euskararen mugimenduak diskurtso autonomo bat garatzea.


Esaldi honekin amaitzen duzu Hiztunpolisa: «Badu nondik arnasa hartu euskararen tentsio-nekeak. Badu nori arnasa eman ere». Zenen inguruan ari zara?


Iruditzen zait euskararen amets hau ez dela amets isolatua, sakonean korapilo unibertsal bati lotua dagoela baizik. Batetik, guk egiten duguna ez da isolatua. Bestetik, guk egiten duguna ez da indiferentea munduko beste prozesu baterako. Euskarak badu nondik arnasa hartu eta nori arnasa eman.


Tolosaldean zein egoeratan dagoela euskara esango zenuke?


Tolosaldeko egoera hartuko lukete beste eskualde askok Euskal Herrian. Tolosaldeko egoerak indar- guneak badituela uste dut. Inguruko erabilera eta dinamika batzuen berri jakin dut eta uste dut oso interesgarriak direla. Hain zuzen ere,gauza hauen inguruan idatzi eta ideiak antolatzen ditugunok, gauzak ondo egiten diren lekuetatik dugu gehien ikasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!