2013/12/22 19:30

Kontzertua

Kontzertua
Juan Deuna Batailatzailearen Eliza, Alegia
Txintxarri Txiki eta Txintxarri Abesbatzek eguberritako kontzertua eskainiko dute.
Betiko legez, taldeko gazteenak hasiko dira kantuan, David Azurza tolosarraren gidaritzapean. Sei abesti eskainiko dituzte, euskaraz eta latinez, ia denak Azurzak berak moldatutakoak. Hala, XVI. Mendeko ”Cantio” eta “O scholares-Gaudete!” abestuko dituzte, baita “In dulci jubilo” ere. Tomas Garbizuren doinu bat ere eskainiko dute: “Hiru Errege Orienteko”. Xabier Sarasola beasaindarrak konposatutako “Bi gabon kanta” ere entzungo ditugu, eta “Goazen guztiok” abestiarekin amaituko dute euren lana.
Helduen txanda izango da ondoren. Garbiñe Orbegozoren aginduetara arituko dira eta zazpi obra eskainiko dituzte. Azurzak berak moldatutako “Dios te Salve” doinuarekin egingo dute diosala. Segidan, Joakin Pildain musikagilearen “Gabon arratsa” abesti dinamikoa kantatuko dute. Tomas Aragüesek egindako “Suite de Navidad” abesti bildumatik hiru doinu ezagun eskainiko dituzte: “Oi Bethlehem”, “Birjiña maite” eta “Hator hator”. Duela urte eta erdi hil zen Lorenzo Ondarra musikagile nafarrak moldatutako doinu bat ere abestuko dute Txintxarri abesbatzako abeslariek, “Gaur gabon” izenekoa. Eta zalantzarik gabe, euren azken abestia izango da kontzertuko nobedadea: 70eko hamarkadan ezagun egin zen Boney M taldearen doinu bat eskainiko dute, Imanol Elizasu errenteriarrak moldatu eta euskarara egokitutakoa: “Mariaren semea”.
Ondoren, Azurzak moldatutako beste doinu bat eskainiko dute Txintxarri Txikirekin batera: “Resonet in laudibus”. Eta urteroko ohiturari jarraituz, Txintxarri abesbatzakoak korura igoko dira eta Haendelen “Alleluia” abestuko dute. Kontzertuan zehar lagun izango dute pianoan eta organoan Mariaje Rekondo herritarra.
Hizkuntza: Euskara

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!