Euria eta hotza uxatu nahian abestu du Txintxarrik Ezkarain

Nerea Pikabea 2013ko azaroaren 26a

Larunbatean eskaini zuten emanaldia alegiarrek Ezkaraiko parrokian; entzuleak gustura gelditu ziren.

Zeropetik hurbilago zegoen tenperaturak ez zituen izutu larunbat ilunabarrean ezkaraitarrak; ez zieten muzin egin Ezkaraiko Elkarte Kultural Artistikoak (ACAE) eginiko deiari. Santa Maria La Mayor eliza erdi erromaniko erdi gotiko ederrean jarri zuten hitzordua. Kanpoan botatzen ari zuen zaparradatik babes hartuta, ia ordubetez aritu ziren kantuan alegiarrak Garbiñe Orbegozok zuzenduta eta Mariaje Rekondo pianoan lagun zutela.
Hamabost bat doinu eskaini zituzten guztira, garai eta estilo desberdineko obrak guztiak. Elizaren erdialdetik abiatuta kantuan iritsi ziren aldarera eta han amaitu zuten koreografiaz lagunduta. Arretaz entzun zituzten ezkaraitarrek Txintxarrik abestutako doinuak. Abesti batzuetan Xefe Balerdi aritu zen bakarlari gisa. Antonio Machadoren poema errezitatzen, berriz, Ibon Azpilikuetako koruko abeslaria aritu zen.
Kontzertuaren amaieran oroigarriak eman zizkioten elkarri txintxarri abesbatzak eta Ezkaraiko ACAE elkarteak.
Ezkaraiko aterpetxean eman zuten gaua alegiarrek. Abesteaz gainera, Santo Domingo de la Calzadako eta San Millan de la Cogollako monasterioak bisitatzeko aukera izan zuten Txintxarri abesbatzakoek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!