Puzzle erraldoia osatuta abian da 'Aleginez'

www.alegia.eu 2013ko azaroaren 22a

Herritarren parte hartze oparoarekin egin da 'Aleginez' prozesuko lehen parte hartze tailerra. 30 haur eta heldutik gora bildu dira bi zati ezberdin izan dituen tailerrera.

Hasteko, haurrak eta helduak banatu egin dira eta proiektuaren arduradunek jendaurreko aurkezpena egin dute, beti ere adin talde bakoitzari egokituta. Jendearen parte hartzearekin etorkizuneko Alegia denen artean eraikitzea da Aleginez-en helburu nagusietako bat eta arduradunen aurkezpenaren ostean, helduen tailerrean herritarren arteko hizketaldia sortu da, herriak dituen beharren eta prozesu honetako helburuak finkatzearen inguruan. Prozesuaren inguruko galderak egiteko ere baliatu dute herritarrek lehen tailerra.

Haurren tailerrean, berriz, bakoitzari herriko mapa bat eman eta koloretako gometxak erabiliz bertan kokatu dituzte gogoko dituzten tokiak eta hain gogoko ez dituztenak; gometxak berdeekin seinalatu dituzte lehenak eta gorriekin, bigarrenak: jolas-parkeak, frontoia, eskola...

Ondoren bi taldeak elkartu eta Alegiako argazki erraldoiaren puzzlea osatu dute guztien artean. Argazki hori datozen tailerretan ere erabiliko da. Nolabait esatearren, Aleginez prozesuak izango duen garapenaren isla izango da argazki hori. Herritarren hausnarketak, ekarpenak, proposamenak eta beste bilduko ditu argazki horrek eta herritarrek begien aurrean izango dituzte Alegiaren puntu onak eta alde txarrak. Lehen tailerra amaitzeko, pintxo batzuk jateko aukera izan dute herritarrek. Hurrengo tailerra, datorren ostegunean, azaoraren 28an egingo da 18:00etan kultur etxean. Bertan, talde txikietan banatuta, herritarrek hainbat gairen inguruan duten iritzia edo dituzten ekarpenak egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!