Txintxarri abesbatzak Ezkarain abestuko du

Nerea Pikabea 2013ko aza. 21a, 14:09

Txintxarri abesbatza, 2010. urtean ateratako irudian.
Asteburu pasa Errioxara joango dira; emanaldia larunbatean eskainiko dute, 20:30ean.

Neguko giro bete betean joango dira Alegiako abeslariak Ezkaraira. Larunbat goizean hasiko dute asteburu pasa eta igande arratsaldez itzuliko dira. Emanaldia eskaintzeaz gain, Ezkarai inguruko parajeak bisitatuko dituzte, esate baterako, Santo Domingo de la Calzada eta bertako monasterio zistertarra. Ezkaraiko aterpetxean pasako dute gaua.
Txintxarri abesbatza iaz jarri zen harremanetan Ezkaraiko Udalarekin aurrena eta bertako kultur elkarte batekin ondoren, eta hortik sortu da larunbat honetan emanaldi bat eskaintzeko aukera.
Hamalau bat abesti eskainiko dituzte alegiarrek Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean, eta kantuetako askotan Mariaje Rekondo herritarra lagun izango dute. David Azurza Tolosako koru zuzendari eta musikagileak moldatutako XVI. Mendeko Cantio doinuarekin hasiko dute emanaldia. Hainbat erlijio kantu abestuko dituzte kontzertuan, guztiak latinez: Josu Elberdin Pasaiako konpositorearen Alleluia eta Exsultate justi, Kirby Shaw estatubatuarraren Jubilate Deo eta Giuseppe de Marzi Italiako musikagile garaikidearen Signore delle cime kantu gozoa.
Euskal kantuek ere izango dute tartea emanaldian. Hala, Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarraren Baratze bat abestuko dute, Xefe Balerdi bakarlari gisa dela. Mikel Laboaren Txoria txori doinuaren moldaketa bat ere bai, Javi Busto hondarribiarrak eginikoa, eta kontzertuaren amaieran Luis Aranburu gasteiztarrak eginiko Kitolis obra hirukoitza, hor ere Balerdiren bakarkakoaz gozatzeko aukera izango delarik.
Joan Manuel Serrat abeslari katalanak Antonio Machado poeta sevillarraren Caminante no hay camino poeman oinarrituta konposatutako Cantares abestuko dute. Brasilgo inauterietako doinu bat ere eskainiko dute maracatu estiloan: Verde mar de navegar. Eta gospel doinurik ez da faltako kontzertuan: Omnia vincit amor eta This little light of mine abestuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!