Etorkizuneko Alegia antolatzeko prozesua gaur jarriko du abian udalak

Asier Imaz 2013ko azaroaren 20a

Unai Iraola, Ataria Irratian.
‘Aleginez’ prozesuaren lehen batzarra gaur egingo dute, 18:00etan, Alegiako kultur etxean. Unai Iraola alkateak azaldu ditu prozesuaren ingurukoak Ataria irratian.

Etorkizuneko Alegia nolakoa izango den zehaztu asmoz, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatu nahi du Alegiako Udalak, eta herritarrekin batera egin asmo du hori; hau da, herritarrek etorkizunean nolako Alegia nahi duten jakin nahi du udalak. Horretarako, Aleginez izeneko prozesua jarriko du abian gaur bertan. Hirigintza, ekonomia, gizarte eta kultur ikuspegitik datozen urteetan herria nola eraiki eta antolatu erabakitzea izango da prozesu horren helburua. Hainbat fase izango ditu, eta lehena, aipatu bezala gaur egingo duten batzarrarekin hasiko da. Bilera 18:00etan izango da kultur etxean, afari merienda eta guzti.
Lehenik eta behin diagnostikoa egin nahi dute, datu objektiboak zein subjektiboak jasoz. Lehenak historian zehar lortutakoak edota inkestek eta estatistikek ematen dituztenak dira; bigarrenak, berriz, herritarren iritziak izango dira.  
Lanketa horretan, gaur hasi eta abenduaren 11ra bitartean, hiru tailer egingo dituzte. Gaur, alde batetik adin ezberdinetako haurrek herriaren ikuspegia irudikatuko dute. Bestetik, herritarrei diagnostikoaren eta plan orokorraren nondik norakoak azalduko zaizkie, eta azkenik, haur zein helduek Alegiako argazkiaren puzzle erraldoia osatuko dute. Bigarren tailerra azaroaren 28an izango da, eta hirugarrena abenduaren 11n.
Unai Iraola Alegiako alkatearen esanetan, hirigintza plana 1996tik berritu gabe dago. Prozesu honekin ondorengo urteetan non eraiki eta non ez erabakiko dute, eta nahiz eta etxebizitzekin lotura izan duen plangintza honek, eremu zabalagoa hartzen duela dio Iraolak. Herritarren iritzia biltzea garrantzitsua dela dio Alegiako alkateak, eta horregatik jarri dutela abian parte hartze prozesua. Alegiarrak, beraz, bertara gonbidatu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!