Bost talde izatetik zazpi izatera pasako da Alegiako Intxurre Futbol Taldea

Ataria 2013ko irailaren 20a

Intxurre Futbol Taldea hasi da denboraldi berriko entrenamenduekin. Aurtengoan, berrikuntza pozgarri batekin datoz alegiarrak, izan ere, bi talde gehiago izango dituzte. Iazko denboraldian bost mailatan aritu ziren lehian, eta aurten, zazpi futbol talde edukiko dituzte.

Aurre denboraldiko lehen txapelketa iragan larunbatean jokatu zuten Intxurrekoek, Seguran, hain zuzen ere. III. Koba Tours izeneko torneoan Alegiako bost talde aritu ziren lehian, eta hauetatik hiruk euren partidak irabazi zituzten. Horri esker, txapelketa irabaztea lortu zuten Intxurrekoek, hirugarren urtez jarraian.

Seguran, erregional mailakoek 2-4 irabazi zien etxekoei. Jubenilek, aurkako emaitza lortu zuten, Segurak 4-2ko garaipena lortu baitzuen. Kadeteek Aitzgorri menderatu zuten 0-7ko emaitzarekin. Infantil handiek 4-2 galdu zuten Aitzgorriren aurka, eta azkenik, infantil txikiek garaipena lortu zuten Aitzgorriren aurka, 2-5eko emaitzarekin. Aipatu, neskek ez zutela txapelketa honetan jokatu.

Intxurreko arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkie Segurakoei, urtero urtero txapelketa honetarako eurekin kontatu dutelako.

Azkenik, ligari dagokionez, erregionalak, jubenilak eta kadete mutilak asteburu honetan hasiko dira lehian. Kadete neskak urriaren 6an ekingo diote ligari, eta infantilen kasuan, oraindik egutegia zehazteko dago.

Intxurre Futbol Taldea

Mailaz maila

Lehen mailako erregionalak. Santos Irazustabarrenak zuzenduko ditu.

Lehen mailako jubenilak. Joxan Otañok zuzenduko ditu.

Lehen mailako kadeteak. Eneko Garmendia eta Imanol Jimenezek zuzenduak.

Kadete neskak. Inmaira Artieda anoetarrak zuzenduko ditu.

Futbol hamaikako infantilak. Imanol Irazustabarrenak eta Peñak zuzenduko dituzte.

Futbol zortzi infantil mutilak. Hierrok zuzenduko ditu.

Futbol zortzi infantil neskak. Alainek zuzenduko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!