Alegiako Udalak euskal presoen eskubideak defendatzen jarraituko du

Ataria 2013ko uztailaren 3a

Karlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, Donostiako Auzitegi probintzialean salaketa jarri zuen hainbat udalen aurka. Urkijok, Euskal presoak Euskal Herrira jartzen duen banderola udaletxeetako balkoietatik kentzeko eskatu zuen.

Donostiako Probintzia Auzitegiak eskaria agindu bilakatu eta Gipuzkoako lau udalerriri mezua bidali zien, banderola kentzeko eskatuz. Lau udal horien artean dago Alegiakoa, eta bere alkateak, Unai Iraolak, auzitegiaren erabakiarekin ez duela bat egiten esan du: «Euskal presoak Euskal Herrira aldarrikapena gehiengo sozial anitz eta zabalak egiten du bere. Urteetan zehar, hainbat modutan plazaratu du aldarrikapen hori euskal jendarteak: kartel eta pankarta ezberdinen bidez, adierazpen instituzionalen bidez, edo mobilizazio erraldoien bidez, urtarrilean Bilbon burutu zen manifestazioa horren adibide».

Iraolaren esanetan, eskualdeko herrietan ere, gehiengo zabal batek egiten du bat euskal presoen Euskal Herriratzearekin, «bai eta dagozkien eskubideen errespetuaren exijentziarekin». Aldarrikapen horien isla, herrietako udalbatzetan maiz agerian geratu dela esan du Alegiako alkateak, eta horregatik dagoela banderola udaletxeetako fatxadetan: «Osoko udalbatzarraren erabakiari jarraituz jarri izan dira, espetxe legea betez euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duten adierazleak. Udalak demokratikoki hartutako erabakiak izan dira kasu guztietan».

Auzitegiari erantzuna

EH Bildutik Donostiako Probintzia Auzitegiaren erabakia salatu dute, Karlos Urkijori men egin diotela esanaz. Horren aurrean, auzian dauden lau udalerrietako alkateek hiru mezu plazaratu dituzte. Alegia, Astigarraga, Oiartzun eta Urretxuko udal ordezkariek, lehenik eta behin, auzitegiaren erabakiarekin ez dutela bat egiten esan dute: «Euskal presoen eskubideak aldarrikatzean, gaur egunean indarrean dagoen legedia betetzeko besterik ez dugu eskatzen. Udalak demokratikoki onartutako erabakia izanik, preso dauden pertsonen eskubideak aldarrikatzen direla kontutan hartuta, indarrean dagoen legedia betetzeko eskatzea ez dugu inondik inora ‘Neutraltasun politikoaren’ urraketa gisa ulertzen».

Karlos Urkijoren jarduna ere salatu nahi izan dute, eta jokabidea aldatzea eskatu diote: «Gobernu ordezkari gisa duen karguaz baliatzen ari da, ez dagokion eremuan sartzeko, instituzioen autonomia zanpatzeko eta ukazioaren eta immobilismoaren aldarrikapena egiteko. Mehatxua eta presoen eskubideen mespretxutik konponbidearen aldeko jarrerak bultzatzera pasatzeko eskatzen diogu».

Azkenik, euskal presoei dagozkien eskubideen errespetuaren aldarrikapenari eusteko borondate politiko irmoa adierazi dute: «Gure herrietako herritarren gehiengo zabalaren aldarrikapena gure egiten dugu, eta aldarrikapen horiekiko gure konpromisoa mantenduko dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!