Alegiako Intxurre Elkarteko futbol taldeak denboraldiaren amaieran daude. Batzuk, partida erabakigarrien aurrean, eta besteak, atsedenaldi garaian indarrak berritzen, hurrengo denboraldiari begira.
Elkarteko arduradunak «oso gustura» daude aurten Intxurrek egin duen paperarekin: «Erregional mailako taldea oso ondo ibili da urte guztian zehar. Igoerako fasean sartzeko esperantzak bagenituen, baina ez da posible izan eta bosgarren amaitu dute. Hala eta guztiz ere, jokalari gutxirekin ibili garela kontuan hartuta, oso gustura gaude».
Infantil neskek ere amaitu dute denboraldia, hirugarren postuan. Erregional mailako taldearekin bezala, infantilekin «gustura» agertu dira Intxurreko ordezkariak. Hurrengo urtean zer gertatuko den, ordea, ez dute argi. Jokalari batzuk kadete izatera pasako dira, eta hor taldea osatzeko «nahiko zail» izango dutela esan dute.
Gainontzeko beste hiru taldeak oraindik lehian daude, Gipuzkoako Koparen finalerdietan, hain zuzen ere. Partida erabakigarriak larunbatean eta igandean jokatuko dituzte, eta garaileek finalerako txartela lortuko dute. Azken partida hauek ekainaren 2ko asteburuan jokatuko lirateke, nahiz eta oraindik erabat zehazteke egon ordua eta lekua.
Finalaren atarian egon arren, orain arte egin duten lana azpimarratu dute Intxurretik: «Jubenilek oso denboraldi ona egin dute, eta euren multzoko lehen postuan amaitu dute urtea. Jokalari kopurua medio, erregionalekin jokatu behar izan dute batzuk, eta ez da erraza izan, izan ere, asteburuan bi partidetan egon denik izan da». Kadeteekin eta infantilekin gauza bera gertatu dela esan dute Intxurretik. Lortutako kirol emaitzei, beraz, testuingurua gehitu behar zaie balantzea egiterako unean.
Egutegia
Bihar, maiatzak 25
11:00. Alegian, infantilen partida: Intxurre-Zarautz. Gipuzkoako Koparen finalerdiak.
17:00. Kadeteen partida Antzuolan, bertako taldearen aurka. Gipuzkoako Koparen finalerdiak.
Etzi, maiatzak 26
16:30. Alegian, jubenil mailako partida: Intxurre- Egintza. Gipuzkoako Koparen finalerdiak.