36 erabiltzailerekin hasi da martxan Alegiako baratze parkea

Ataria 2013ko maiatzaren 21a

Duela hilabete pare batetik martxan bada ere, Alegiako baratze parkea ostiralean inauguratu zuten. Lezo eta Usurbilen ondoren, honelako proiektu bat martxan jarri duen Gipuzkoako hirugarren udalerria da Alegia.

Belostegi auzoan kokaturik dago baratze parkea. Aitzina batean ere, baratzeak zeuden lur-eremu horretan, baina bi metro beherago. Orain, bete lana egin eta errepidearen altuera berean jarri dute. 60 metro karratuko 44 baratzez osatuta dago, eta egun 36 erabiltzailek eman dute izena. Horrez gain, ur putzuak, tresnak uzteko etxola bat eta konposta egiteko eremuak daude guztien eskuragarri.

Baratze parkeak helburu anitz ditu: alde batetik, ekoizpen ekologikoa sustatzea, izan ere, erabiltzaileek ez dituzte ongarri kimikoak erabiliko, eta baldintza batzuk bete beharko dituzte. Bestalde, baratzetatik kontsumo propiorako jakiak ekoiztu eta lurrarekiko lanketa egiten jakitea da. Helburu soziala ere badu, izan ere, herritarren eta belaunaldi ezberdinen arteko topagune bihurtu nahi dute baratze parkea.

Martxoan prestatu zuten eremu hau, eta apirilean zehar, nekazaritzaren oinarrien inguruko ikastaro bat eskaini zieten. Hemendik aurrera, lanean jarduteko aukera izango dute izena eman duten 36 erabiltzaileek. Hilabetean behin, gainera, aholkularitza zerbitzu bat izango dute Ekoguneko langileen eskutik. Horrez gain, urtean bizpahiru ikastaro eskainiko dira. «Hasieran, oinarriei buruzko kurtsoak antolatu ditugu, baina pixkanaka zehatzagoak egingo dira, adibidez, ongarriei edo izurriteen tratamenduei buruzkoak» azaldu du Mikel Insausti, Kutxako Ekoguneko zuzendariak.Dudak partekatzeko webgune bat ere badute: www.baratzeparkea.ekogunea.net

Unai Iraola, Alegiako alkatea pozik agertu da proiektuaren hastapenarekin, eta esan du harrera ona izan duela. Bestalde, udalaren izenean eskerrak eman nahi izan dizkie Kutxabank eta Ekoguneari. «Kutxak 40.000 eurorekin lagundu du proiektua eta azpiegituren obrak egiteko erabili dugu hori. Momentuz aurrekontuan sartutakoa baino gutxiago gastatu dugu, eta diru hori etorkizuneko gastuetarako gordeko dugu».

Libre geratu diren zortzi lur-sailak herritarren esku daudela gehitu du alkateak. «Udalean bertan edo erabiltzaileek osatzen duten elkarteko norbaitekin hitz eginda eman dezakete izena interesatuek». Erabiltzaile bakoitzak, urtean 60 euroko kuota ordaindu beharko du lur eremuarengatik. Gehienez, lau urtera arte luzatu daiteke baimena.

Erabiltzaileak, pozik

Baratze parkean izena eman duten herritarrak ere gustura agertu dira horrelako proiektua abian jartzeagatik. «Interesgarriak dira horrelako gauzak, nekazaritzan inplikatzen laguntzen du» dio Xanti Aparizio erabiltzaileak lanean ari den bitartean. «Albakak, ezkaia, marrubiak, mugurdiak eta ahabiak landatu ditut. Gero, perrexila eta azenarioa landatuko ditut. Eta gerora, tomatea eta artoa ere bai» dio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!