Iñaki Artola

Iñaki Artola: «Pilotan jokatuz gozatzea da nire helburua»

Ataria 2013ko mar. 8a, 16:04

Lehendabiziko agurretik igartzen zaio Iñaki Artolari (Alegia, 1994) mutil sanoa dela. Pilotarako bakarrik ez, kontutarako ere berezko erreztasuna dauka. Gaztea, baina oinak lurrean ondo jarritakoa.

Donostiako Filosofia fakultatean pilotari bakarra da Artola. Frontoian, berriz, filosofia ikasle bakarra. Biak ondo uztartuz, tarteka, bertsotarako ere hartzen du beta.

Probatutako kirol guztien artean, pilota aukeratu zenuen. Zergatik?

Txikitan, anaiagatik hasiko nintzen, ziurrenik. Bera pilotan aritzen zen, eta ni futbolean eta eskubaloian ere ibiltzen nintzen arren, igande goizetako gure plana frontoikoa izaten zen. Hasi, horrela hasi nintzen, eta gerora ere horri eutsi diot, horixe baita gehien gustatzen zaidana.

Ez da atletismoan Espainiako txapeldunorde izandako pilotari asko egongo.

Gure soinketako irakaslea oso atletismozalea zen, eta beti saiatzen zen ikasleak bere eremura eramaten. Hala, froga bat egitera eraman ninduen Berazubira, eta uste baino emaitza hobeak eskuratuta, txapelketetan hasi nintzen. Espainiakoan, bigarren egin nuen jauzi hirukoitzean, nahiz eta zenbateko saltoa egin nuen ere  ez dakidan. Esperientzia ustekabekoa izan zen, arraroa baina ederra aldi berean.

Betidanik izan duzu frontoirako joera. Pilotaria, jaio ala egin egiten da?

Zaharrenei beti entzun izan diet, pilotaria jaio egiten dela, bertsolaria bezala. Noski, argi daukat denok ez garela gaitasun berdinekin jaiotzen, baina zalantzarik gabe, pilotaria egin egiten da. Goi mailan aritzen direnek, adibidez, asko dute berezkotik ere, baina gure mailan gehien nabaritzen dena egindako lana izaten da.

Jende askorekin osatu izan duzu bikotea. Anaiarekin jokatu ez izanaren arantzarik baduzu?

Ba, egia esateko, bai. Beti komentatu izan dugu elkarrekin ibiliko ginela herri txikietako partidak  jokatzen, eta ondoren parranda ederrak egingo genituela ere bai. Nik afizionatuetara salto egin nuenean, ordea, anaiak pilota utzi zuen, eta ez dugu elkarrekin jokatzeko aukerarik izan. Hala ere, oraindik badut bera konbentzitzeko asmoa.

Aurrelaria izanda, atzeko koadroak ere probatu izan dituzu. Aurrean edo atzean, non aritzen zara erosoen?

16 urtera arte, bi postuetan jokatu izan dut, tokatzen zitzaidan bikotearen arabera. Baina adin horretan, bat edo beste aukeratu beharra iritsi zen, eta aurrelari izatea erabaki nuen. Betidanik gustatu izan zait aurrean jokatzea, eta horregatik, ez dut erabaki horren damurik.

Noiz hasi zinen profesionalekin entrenatzen?

Duela pare bat urte hasi nintzen, entrenatzeko hiru elkartu eta laugarren bat behar izaten zutenetan. Oso tarteka bazen ere, sekulako ilusioa egiten zidan nagusiekin aritzeak. Orain, ilusio berberarekin, astean behin bederen entrenatzen dut haiekin.

Zer moduzko esperientzia da goi mailako pilotariekin aritzearena?

Niretzat dena da desberdina. Pilotak azkarrago ibiltzen dira, haien jokoa biziagoa da eta entrenamenduak gogorragoak dira. Hala ere, ni beti saiatzen naiz ematen dizkidaten aukerak aprobetxatzen, eta momentuz, asko ari naiz ikasten.

Aldageletako gazteena izanda, nola tratatzen zaituzte nagusiek?

Oso ondo. Batez ere, inguruko pilotariekin aritzen naiz, Saralegi, Olaetxea eta konpainiarekin, eta eskerrak emateko moduan naiz. Izan ere, ahal duten neurrian beti saiatzen dira aholkuak ematen eta dakitena erakusten. Ez daukat kexatzeko motiborik.

Etor Mendiarekin prestaketa fisikoa egiten ere aritzen zara. Zer moduz?

Duela gutxi hasi ginen horretan, eta oso gustura gabiltza. Astean behin elkartzen gara berarekin, eta horrez gain, idatziz bidaltzen digu egunero egin beharrekoa. Saiatzen gara txintxo-txintxo betetzen, gaur egun ez baita nahikoa frontoian egindako lana bakarrik.

Pilotarako duzun afiziotik egin nahiko zenuke zure ofizioa?

Noski, aukera izanez gero, gustatuko litzaidake pilotatik bizitzea. Baina ofizioa hori izanda ere, niretzat garrantzitsuena afizioa mantentzea da. Pilotan jokatuz gozatzea da nire helburua, edozein mailatan.Debutatzeko aukera ematen badidate, opari eder bat izango da niretzat.

Ondo uztartzen al dituzu entrenamentuak filosofia ikasketekin?

Momentuz, ez dut inolako arazorik. Gainera, irakasleek ere asko laguntzen didate. Egunero egiten dut Alegiatik Donostiarako joan-etorria, eta gustura nabil.

Bertsotarako ere ba omen duzu etorria.

Hori esan duenak ez nau askotan entzun [barreak]. Baina bai, azkenaldian bertso eskola utzi xamar badaukat ere,  gustatzen zait horretarako denbora hartzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!