Alegiako Txintxarri abesbatzak kontzertua eskaini zuen Trintxerpen, larunbatean. «Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, kanpoan elurra ari zuen bitartean eskaini baikenituen dozena bat abesti Karmengo Amaren parrokian», azaldu dute alegiarrek. Etxeko epeletik atera, eta Txintxarrikoen doinuak entzutera joan ziren, ordea, asko izan ziren.
Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Mariaje Rekondo pianoan lagun zutela aritu ziren alegiarrak, Trintxerpetarra abesbatzak antolatutako ekitaldian. Emanaldi anitza eskaini zuten Txintxarrikoek, estilo desberdineko kantuekin. Baina zalantzarik gabe, Antonio Machado poeta sevillarraren poemak izan zuen arrakasta handiena. Joan Manuel Serrat abeslari kataluniarrak doinua ezarri zion Caminante, no hay camino abestia izan zen txalotuena. Horrez gain, O voso galo comadre Galiziako abesti dibertigarria eta Kirby Shaw estatubatuarraren Jubilate Deo obrak ere gustuko izan zituzten entzuleek.
Kontzertuaren ondoren, Trintxerpeko Ur Gain elkartean afaldu zuten Alegiako abeslariek.