Munduan beti dago bizidun bat jango duen beste bizidun handiago bat. Basoko sagua oso boteretsua sentituko da lurrean arrastaka topatu duen zizare koitadua jaten.
Baina gauez, hontza zuriak bere hatzaparretan harrapatzen duenean, eta krask batekin bizkarrezurra apurtu eta oso osorik irensten duenean... Sagu gaixoari amaitu zaizkio handikeriak! Bizie gorra´ek!
Konturatuko zineten, gurekin elikatzen den animalia handiago bat biziko balitz, ez ginatekeela eroso ibiliko kalean, nolabaiteko neurriak hartu beharko genituzke animalia haragijale baten tripan amaitu nahiko ez bagenu behintzat! Orokorrean bi metodo daude, gu jan nahi gaituen animalia batengandik ihes egiteko. Bata, gizakiak oso ongi egiten dakiena: garrasi eta korri egin, horretarako prestatuta gaude. Gure bihotza topera jarri, birika etengabe puztu eta hustu, muskuluak tente jarri eta ahalik eta distantzia gehien uzten saiatuko gara gure harrapariaren eta gure artean.
Baina badago beste metodo bat, gutxiago nekarazten duena eta harraparia inozo samarra bada, bera engainatzeko baliagarria dena: ezkutatzea. Animalia asko, ezkutaketan maisuak dira. Batzuk txikiak dira eta beren gorputza edozein zulotan sartzen dute; sagutxoa adibidez. Zenbat aldiz ikusi dugu sagu bat berea baino hamar aldiz txikiagoa den zulo batetik sartzen?
Ezkutatzeko beste metodo bat ikusezin bihurtzea da. Orokorrean animalia guztien ile, ezkata edo lumen kolorea, bizi diren ingurunearen antzekoa da. Inork ikusi al du belardi batean ahuntza urdin bat? Zapelatz (Buteo buteo) bat ikusten duzuenean, bere sabelaldeak kolore argia duela konturatuko zarete, eta goiko aldeak, aldiz, iluna. Behetik begiratuta zeruaren antzeko kolorea du eta goitik begiratzean baso eta belardien kolorea; zapelatzak badu, nonbait, goitik erasotzen dion beste hegazti bat.
Demagun egur hil ugari den baso batean gaudela, eguraldia umela dela eta enbor hil bat altxatzen dugula. Azpian sarritan arrabio arrunta (Salamandra salamandra) topatzen dugu, eta animalia honek ez du ezkutatzeko asmo handirik, beltza eta hori bizia baita! Arrabio arrunta inozoa dela uste badugu ere, kolore hauek ez dira ezkutatzeko, bere harrapariari mezu bat bidaltzeko da: «Hi, txikito! Nei kozka itten baiak, jesukistonetako pozoin pille sartukoit ahoko zulotik ta jota seko geatuko haiz!». Nahiko arraroa badirudi ere, arrabio arruntek Gipuzkoa sakoneko euskalkian hitz egiten dute.
Animalien munduan, beltza eta horia koloreek, pozointsua-arriskutsua esan nahi dute, baina zenbait animaliek kolore hauek izan ohi dituzte, pozoin apurrik ez izan arren. Adibidez, sarritan, parrilada egiten dugunean, horia eta beltza den intsektu hegalari bat hurbiltzen da gugana. Liztorra dirudien arren, ez da liztorra, liztor itxura duen eulia da! Nonbait, euli honek urte guztia ematen du inauterietan.
Hala ere, kolore festa honetan txundigarrienak, matxinsaltoak dira. Badira matxinsalto espezie batzuk, geldirik daudenean berde edo marroi kolorekoak direnak. Geldirik daudenean ia ezinezkoa da beraiek atzematea, baina salto egiten dutenean eta hegalak zabaltzean, hegal gainean orban
gorri bizi bat dute, oso-oso ikusgarria da. Gure begiak kolore bizi horri jarraika doazenean, matxinsaltoak hegalak biltzen ditu, gure begiek orban gorria bistatik galtzen dute eta matxinsaltoa non erori den ideiarik ez dugula geratzen gara.
Gauza bera egiten du harkaitz-txoria (Tichodroma muraria) deritzon zozoaren antzeko hegazti gris batek. Harkaitz labarretan egiten du habia eta oso ongi ezkutatzen da bere kolorearekin horma grisetan. Txori honek, ordea, hegalak zabaltzean, bizkar alde gorria dauka eta bera erasotzen ari den harraparia kolore honi jarraika joaten da; gutxien espero duenean, harkaitz-txoriak hegalak biltzen ditu eta gertueneko harkaitzean geldirik geratzen da, bere harraparia orban gorriaren bila doan bitartean. Animalia desberdinak, baina estrategia bera, txundigarria!
Aste honetan ez ibili ezkutaketan eta etorri lasai Alegiako jaietara. Aurrez, ordea, komeni da ongi informatzea bertako fauna eta florari buruz. Non? www.bioaniztasunetik.comen. Eta zalantzarik balego, idatzi lasai bioaniztasunetik@hotmail.com helbide elektronikora.
Hemendik bi astera, azken artikulua idatziko dugu; ea denboraldiari bukaera borobila ematen diogun. Eta hurrengo denboraldian? Nork daki!