Gizarte zerbitzuetan aldaketa handia suposatu du Menpekotasun Legeak. Agurtzane Lopetegik, Alegialdeko zenbait herritako gizarte laguntzaileak, dioenez, «beharrezkoa zen legea. Lege honek menpekotasuna duen pertsonari eskubideak sortu dizkio».
Horrez gain, Lopetegik zaintzailearen egoerak izan duen «aurrerapausoa» nabarmendu du: «Orokorrean zaintzaileak emakumeak izaten dira. Ugari dira ekonomia ezkutuan lan egiten dutenak. Ez dut esaten legearekin egoera konponduko denik, baina gutxienez zaintzaileari kotizazio batzuk onartzen zaizkio. Beraz, nolabait, bere lana errekonozitua izan da». Zaintzailearen egoeran, gauza asko daudela hobetzeko dio Lopetegik. «Esaterako, gizonezkoak zaintzaile lanetan aritzea ere bultzatu egin behar da».
Menpekotasun Legea 2006ko abenduan onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta 2007an jarri zen martxan. Esan bezala, dependentzia dutenei eskubide batzuk sortzen dizkio. Eskubide horiek sortzeko, baloratu egin behar da menpekotasuna. Legea sortu zenetik, beraz, lana asko ugaritu zaie gizarte zerbitzuei.
Menpekotasunari dagokionez, hiru maila zehaztu dituzte. «Ez da berdina oheratuta dagoen pertsona eta dena egin behar zaiona edo eginkizun batzuk egiteko gai dena», dio Lopetegik. «Biek beste baten beharra dute, baina maila desberdinetan», gaineratu du.
Foru Aldundiaren eskumena
Balorazioa egiterakoan, pertsona batek duen dependentzia maila neurtzen da. «Egunerokotasunean pertsona bat zer egiteko gauza den neurtzen da: ibiltzeko, janzteko, jateko, erabakiak hartzeko, erosketak egiteko, telefonoa hartzeko,…».
Behin balorazioa egiten denean, legeak pertsonari eskubide batzuk ematen dizkio. Foru Aldundiarena da baloratzeko eskumena. Gizarte zerbitzuetakoek herritarren eskaera jaso eta Foru Aldundira bidaltzen dute. Horrek baloratu eta ebazpena herritarrari bidaltzen dio. «Herritarra guregana etortzen da, ebazpenaren berri jakitera», dio Lopetegik. «Errealitate eta kasu guztiak ezberdinak dira, eta menpekotasunaren arabera, berak duen ezintasunaren arabera, baliabide bat edo beste bat aukeratzen du interesatuak edo familiak». Helburua da «menpekotasuna dutenei laguntza ematea eta pertsonaren autonomia bultzatzea, ahalik eta autonomia handiena izatea», zehaztu du Lopetegik.
Laguntza ekonomikoak
Legeak sortu duen beste berritasuna laguntza ekonomikoak dira. «Laguntza hauen helburua da bakoitzaren etxean edota eremuan ahalik eta denbora gehien mantentzea», esan du Lopetegik. Mailaren arabera, laguntza behar duen pertsonak diru laguntza jasotzen du eta gero diru hori ematen dio bera zaintzen ari den senide bati. «Horri laguntza ez profesionala deitzen zaio. Dirua ematen da, eta zaintzaile bezala familiako norbait gelditzen da». Beste aukera bat da laguntza pertsonala eskaintzeko langile ez familiarra kontratatzea.
Menpekotasuna dutenek jasotzen dituzten baliabide bakoitzak bere baldintzak ditu. «Estatuan bost urtez egon beharra dago gutxienez», dio Lopetegik. «Gipuzkoan, egoitza batean sartzeko, gutxienez lurraldean azken bi urteak egon behar da. Egoitza batean plaza eskatuz gero, eta lekurik ez badago, prestazio ekonomiko bat eska daiteke egoitza pribatu batean egoteko». Egoitza batean sartzeko bigarren edo hirugarren mailako dependentzia izan behar dela argitu du Lopetegik.
Hainbat baliabide daude menpekotasuna dutenentat
Horietako bat teleasistentzia da. «Lepoko moduko bat izaten da. Adineko pertsona bakarrik tokatuz gero, erori egiten bada eta ezin bada altxatu, lepokoa zapaldu eta larrialdi zerbitzuarekin harremanetan jartzen dira edota berak zehaztu dituen pertsonekin.
Etxez etxeko laguntzan, astean zehar egun jakin batzuetan joaten da langile bat menpekotasuna duenaren etxera eta ordu pare batez laguntzen dio.
Laguntza teknikoak hainbat motatakoa izan daitezke: ohe artikulatua jartzea; garabia, mobilizatzeko; irisgarritasuna bermatzekoak, aulki gurpildun bereziak,… «Jendeak asko eskatzen ditu, jendearen joera etxean mantentzea baita», esan du Lopetegik.
Eguneko zentroari dagokionez, menpekotasuna duen pertsona 10:00etatik 18:00etara joaten da zentro batera, «bere ingurunearekin harremana mantenduz», dio Lopetegik. «Dependentzia dutenentzat eguneko zentroa da haurrentzako haurtzaindegiak bezala».
Egoitzak menpekotsun handiena dutenentzat dira. «Horra joaten dira bere etxean ezin dutenean jarraitu. Horrez gain, pertsona batzuk babestuago sentitzen dira egoitza batean, bere etxean baino», azaldu du Lopetegik.
«Kasu guztiak ez dira berdinak, eta beti interesatuak edota familiak zein baliabide egokitzen zaien erabakitzen dute», gaineratu du Lopetegik. «Gure funtzioa da informatzea, baloratzea eta orientatzea. Eta ondoren, erabakitako baliabide hori martxan jartzea».