Zaborrontzi marroiak eta grisak sarraila izango dute aurrerantzean

Tolosaldeko Ataria

Albizturko zaborrontzi batzuk sarraila izango dute abenduaren 9tik aurrera. TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEA

Edukiontziak zabaltzeko txartelak udaletxean banatuko dituzte azaroaren 30etik abenduaren 4ra. Zaborrontziek abenduaren 9tik izango dute sarraila: organikoa nahi beste zabaldu ahal izango da, eta errefusa, berriz, astean bitan.

Albizturren hondakinak biltzeko sistema berria jarriko dute martxan, hain zuzen, abenduaren 9tik aurrera sarraila izango dute organikoaren eta errefusaren zaborrontziek. Data horretatik aurrera txartelarekin bakarrik zabaldu ahal izango dira edukiontzi horiek: astean bitan zabaldu ahal izango da errefusarena (grisa), eta nahi beste aldiz, berriz, organikoa (marroia). Helburua hondakin mota horiek hobeto kudeatzea da, eta edukiontziak zabaltzeko txartelak udaletxean banatuko dituzte azaroaren 30etik abenduaren 4ra.

Tolosaldeko Mankomunitatearen iazko datuen arabera, Albizturrek % 64,91ko gaikako bilketa-tasa izan du, araudiak eskatzen duen % 55eko helburuaren gainetik. Hala ere, 2025ean errefusa edukiontziaren poltsetan egindako hondakinen karakterizazioaren arabera, bertako hondakinen % 65,55 birziklagarriak dira, eta, beraz, ez lukete edukiontzi horretan egon behar. Benetako errefusa %34,45 izan da; gainerako %53,92 materia organikoa, eta % 11,64, berriz, ontzi arinei dagokie.

Emaitzak aztertuta, mankomunitatetik beharrezkotzat jo dute hondakinak biltzeko sistema eguneratzea, hain zuzen, hondakin organikoen eta errefusaren kudeaketa hobetzeko: «Hondakinen arloko araudi berriak ezarritako helburuekin bat etorriz, txartela erabiliko da organikoaren eta errefusaren edukiontzietan. Neurri horren bidez, edukiontzien erabileraren jarraipena egin eta hondakinen bereizketa egokia sustatu nahi da». Bestalde, txartelik gabe eta orain arte bezala erabili ahal izango dira gainerako zaborrontziak, hain zuzen, ontzi arinen (horia), paperaren zein kartoiaren (urdina) eta beiraren (berdea) edukiontziak.

Aipatutako aldaketa hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legearen barruan egin dute, eta lege horren helburu nagusia hondakinen sorrera murriztea eta ekonomia zirkularra sustatzea da, berrerabilpena, birziklapen ona eta baliabideen kudeaketa jasangarriagoa sustatuz, baita ingurumen inpaktua eta kutsadura murriztea ere.

Txartelak banatzeko ordutegia

Edukiontziak zabaltzeko txartelak azaroaren 30etik abenduaren 4ra banatuko dituzte udaletxean: astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan, 07:30etik 14:00etara; asteazkenetan, 16:00etatik 19:00etara; eta ostiraletan, 14:30etik 20:00etara.

Txartelarekin batera materia organikoa etxetik edukiontzi marroira eramateko kubo aireztatu bat eta poltsa konpostagarriak ere banatuko dizkiete herritarrei, eta txartelaren funtzionamenduari buruzko informazioa emango zaie. Horrez gain, Albizturrek landa eremu zabala duela-eta, etxe-konposta behar bezala egiteko jarraibideak ere emango dizkiete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!