Albizturko Frontenis Txapelketa egingo dute neguan

Josu Artutxa Dorronsoro

Txapelketaren aurtengo edizioa antolatu duten gazteak Mendikute frontoian. J. A. D.

Edizio berri bat antolatu dute 14 eta 18 urte bitarteko lau herritarrek; asteartean zabalduko dute izen-emate epea, eta aurten beste herrietako jokalariek ere parte hartzeko aukera izango dute.

2016. urtean edizioak zenbatzen hasi zirenetik, zortzigarrenez antolatuko dute aurten Albizturko Frontenis Txapelketa. Hala ere, lehenagotik jokatzen den lehiaketa da. «Orain arteko edizioetan herritarrek izan dute parte hartzeko aukera, baina azken urteetan jaitsi egin da partaide kopurua. Txapelketa zabaltzeko helburuarekin, herri gehiagotako jokalariek ere jokatzeko aukera izango dute aurten», azaldu du Markel Galartza antolakuntza taldeko kideak.

Beñat Elola taldekideak adierazi du eskualdean frontenisean jokatzeko «zaletasun handia» dagoela, eta Altzoko nahiz Berrobiko txapelketak aipatu ditu adibide modura. «Albizturren ere jende askok jokatzen du modalitate honetan, eta espero dugu parte hartze handia izatea».

Abenduaren 1etik 20ra bitarte egongo da zabalik izen-emate epea; interesa dutenek, @albizturkofrontenis Instagram kontuan zabalduko duten galdetegia bete eta 10 euro –pertsonako– ordaindu beharko dute. Amets Aramendi antolatzaileak aurreratu du zenbait kategoria izango direla: «12 eta 16 urte bitartekoetan, banaka nahiz binaka, eta 16 urtetik gorakoetan, emakumezko eta gizonezkoak banaka, binaka, eta bikote mistoen kategorian».

Urtarrilaren 1ean hasiko da txapelketa eta martxo erdialdera arte luzatuko da; egitura partaide kopuruaren araberakoa izango da. «Ostiral, larunbat eta igandeetan izango dira partidak Mendikute frontoian, inauterietan izan ezik. Finalak, berriz, Aste Santuaren aurreko Udaberri Festa ekimenarekin bat egitea aurreikusten dugu», esan du Ugaitz Elolak.

Antolatzaileek babesleek emandako laguntza eskertu dute. Batzuek laguntza ekonomikoa eman diete; beste batzuek, berriz, bertako produktuak. «Horiek eta izena ematerakoan partaideek egindako diru-ekarpenak erabiliko ditugu sarietarako», azaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!