ELKARRIZKETA

«Ahal dudan bitartean, babarrunak ekoizten jarraituko dut»

Alberto Labaka babarrun ekoizlea. L.C.

Gurasoengandik jasotako ohiturari eutsiz, Albizturko babarrunaren ekoizpenari eta baserriko tradizioari bizirik eutsi nahi dio Alberto Labakak, nahiz eta baldintzak eta belaunaldi-errelebo faltaren ondorioz gero eta zailagoa izan.

Albizturren geratzen den babarrun ekoizle gutxienetakoa da Alberto Labaka (Albiztur, 1960). Iriarte baserrian du 3.000 metro koadroko soroa, eta bertan ekoizten ditu babarrunak. Iaz, Tolosako Babarrun Lehiaketa irabazi zuen laugarren aldiz, eta honenbestez, aurtengo lehiaketako parte hartzaileek bere babarrunak kozinatu beharko dituzte. Garaipenez harago, kezka nagusiak ditu etorkizunera begira: eguraldiaren eragina, uztaren beherakada, lehen sektorearen egoera eta belaunaldi berrien falta. Hala ere, argi du ahal duen bitartean, babarruna ekoizten jarraituko duela, Albizturko tradizioari bizirik eusteko.

Nola sortu zitzaizun babarrunak ekoizteko zaletasuna? Familiatik jasotako ohitura al da?

Betidanik ekoitzi izan ditugu babarrunak. Nire gurasoak beti bizi izan ziren baserritik, eta babarruna etxeko ekoizpenaren osagarri bat izan da beti. Garai hartan, Albizturko baserri guztietan ekoizten ziren babarrunak. Gipuzkoako Babarrun Elkartea sortu eta txapelketak antolatzen hasi zirenean, Albizturko zazpi ekoizle ginen, baina gaur egun oso gutxi geratzen gara; bizpahiru ekoizle baino ez gara ari jarduera horretan.

«Betidanik ekoitzi ditugu babarrunak; etxetik jasotako ohitura da»

Zenbateko garrantzia du babarrunaren ekoizpenak zure eguneroko bizimoduan?

Lehen, denbora gutxiago eskaintzen nion, baina orain, jubilatu naizenez, denbora gehiago daukat. Babarrunaren mundua asko gustatzen zait, eta gustura egiten dut lan horretan.

Beste leku batzuetako babarrunekin alderatuta, zertan bereizten da Albizturko babarruna?

Gaur egun, lehen baino gutxiago bereizten da. Gipuzkoako Babarrun Elkartea sortu zenean, bakoitzak bere hazia erabiltzen zuen, eta, horregatik, Albizturko babarrunaren berezitasunak nabarmenagoak ziren. Nik betidanik ezagutu dut ale txikiko babarruna. Gaur egun, ordea, elkartean bi aukera ditugu: ale txikia eta ale handia. Albizturren beti ekoitzi izan dugu ale txikia, gutxiago produzitzen zuela esaten bazen ere, txapelketetan zein jateko garaian estimatuagoa zelako.

Orain, elkarteko kideok Labelaren barruan gaudenez, elkarteak berak ematen digu hazia. Hori dela eta, Gipuzkoa osoan ale txikia ekoizten dugunok hazi bera erabiltzen dugu, eta, ondorioz, lehen baino desberdintasun gutxiago dago. Lurrak edo eguraldiak eragin dezakete ekoizpenaren berezitasunean, baina haziari dagokionez, gaur egun berdintasun handia dago.

Zein da babarrunak ekoizteko prozesua, lurra prestatzen duzuenetik uzta biltzen duzuen arte?

Udaberri aldera prestatzen dugu lurra: simaurra bota eta lurra irauli egiten dugu. Normalean, maiatzaren amaiera aldera ereiten dugu, eta uzta irailaren erdialdetik urriaren bukaerara bitartean biltzen dugu. Garai batean, maiatzaren erdialdean artoa ereiten genuen, eta handik hamar edo hamabost egunera babarruna jartzen genuen haren ondoan. Batzuek biak batera ereiten zituzten, baina guk beti horrela egin izan dugu.

Azkenaldian esaten ari dira beranduago erein dutenek uzta hobea lortu dutela, eguraldiaren gorabeherengatik, baina ez dakit zer pentsatu. Iaz, abuztuko beroak uzta asko kaltetu zigun, nahiz eta gerora landareak berriro loratu ziren. Aurten ere, ordea, uste dut eguraldiak denoi eragin digula, ereiteko garaia edozein izanda ere.

Hilabete askotako lana duzue, beraz.

Bai, baina lanik handiena uzta biltzeko garaian izaten dugu. Babarruna ez da dena batera heltzen; lehortu eta heldu ahala bildu behar da. Horregatik, hainbat bilketa egin behar izaten dira, banan-banan eta eskuz.

Urte batean zenbat kilo babarrun biltzen dituzu?

Urte arrunt batean, 300 kilo inguru bildu ditzaket. Aurten, ordea, ez naiz kopuru horretara iritsi. 3.000 metro koadroko soroa daukat, eta, nahiz eta ekoizpen handia ez izan, niretzat nahikoa da.

Zein baldintza behar ditu babarrunak behar bezala hazteko? Eguraldiak eta lurraren ezaugarriek zenbateraino eragiten dute?

Babarrunak beroa behar du hazteko, eta lurra ondo berotuta egotea garrantzitsua da, hasieran nahiko delikatua baita ernetzeko eta indarra hartzeko. Era berean, loreak emateko garaian, uztailaren amaieran edo abuztuan, euri pixka bat egitea komeni da. Bestela, lorea lehortu egiten da, eta landareak ez du lekarik ematen. Aurten, esaterako, hori gertatu zaigu. Landarea nahiko berde zegoen, baina ez du ia lekarik eman; eman dituenak ere ale batekoak edo bikoak izan dira, normalean zazpi edo zortzi ale izaten dituztenean.

Gainera, babarruna igotzeko landare bat da, eta zerbaiten laguntza behar du hazteko. Nik, adibidez, hagatxoak erabiltzen ditut, eta landarea ernetzen denean banan-banan jarri behar izaten ditut, babarrunak horiei heldu eta gora egin dezan. Beste batzuek sareak erabiltzen dituzte, eta horrek ere lana ematen du. Badira plastikoa jarrita ekoizten dutenak ere; hori errazagoa da, baina, nolanahi ere, sistema guztiek denbora eta lana eskatzen dute. Etengabe egon behar da soroari begira.

Iaz Tolosako Babarrun Lehiaketa irabazi zenuen. Zer sentitu zenuen albistea jaso zenuenean?

Pozik hartu nuen garaipena. Beti ematen dizu poztasun eta asebetetze pertsonala. Tolosako Babarrun Lehiaketan lortzen dudan laugarren txapela da, baina, hala ere, beti egiten dizu ilusioa irabazteak.

Aurten, iazko irabazlea izan zarenez, lehiaketan parte hartzen dutenek zure babarrunak kozinatu beharko dituzte. Gomendiorik baduzu haientzat? Zein da emaitza ona lortzeko sekretua?

Bakoitzak bere sukaldaritzako trebetasuna erakustea da kontua. Guk, esaterako, etxean prestatzen ditugu, baina nik ez daukat babarrunak sukaldatzeko ohiturarik. Aurten, gainera, alea iazkoa baino txikiagoa da, eta egosteko denbora gehiago beharko du.

Non saltzen dituzue babarrunak?

Urtero izaten ditugu bezero berak, eta orain arte ez dugu sekula arazorik izan saltzeko. Aurten, ordea, arazoa ekoizpen-kopuruarekin etorri da, ale gutxiago izan ditugulako. Horregatik, bezeroen artean kopuru txikiagoa banatu beharko dugu. Gainera, kontuan izan behar dugu Tolosako Babarrun Lehiaketarako 30 kilo eman behar ditugula aurten, eta horrek ere eragina izango du.

Laguntzarik jaso duzue?

Telebistan entzun dut abeltzainentzat eta babarrun-ekoizleentzat laguntzak onartu dituztela, baina oraindik ez dakit ezer gehiagorik. Iritsiko balira, ongi etorriak izango dira, baina, bitartean, lanean jarraituko dugu, beti bezala.

Zure ustez, zer ekarpen egiten dio Tolosako Babarrun Lehiaketak babarrunaren ospeari eta ekoizleen lanari?

Tolosako babarrunaren izena zabaltzen laguntzen du. Jende asko biltzen da haren inguruan, eta, nire ustez, oso onuragarria da produktua ezagutarazteko.

«Tolosako babarrunaren izena zabaltzeko oso onuragarria da lehiaketa»

Albizturren babarrunarekiko horrelako zaletasuna izanda, ez duzue inoiz ezer berezirik antolatu herrian?

Ez. Tolosan lehiaketak antolatzen hasi zirenean, horrek indar handia hartu zuen, eta guk ez dugu inoiz txapelketarik antolatzeko asmorik izan. Hala ere, babarrun-jateak antolatu izan ditugu herrian, baina ez txapelketarik.

Tolosako babarruna euskal gastronomiako produktu ezaguna da. Zer garrantzi du zuretzat tradizio hori mantentzeak?

Garrantzi handia du, garai batean babarruna baserriko jakirik garrantzitsuena zelako. Gurasoek kontatzen zidatenez, gerraostean baserritar askok babarrunak izaten zituzten etxean. Gaur egun ere, jatetxe askoren jarduna babarrunaren inguruan mugitzen da. Hemen, herrian bertan, urtearen amaierara bitartean babarrunak ospe handia izaten du jatetxeetan, eta inguruko herrietako jende asko etortzen da berariaz babarrunak jatera.

«Garai batean babarruna baserriko jakirik garrantzitsuena zen»

Gipuzkoako Babarrun Elkartea duzue Tolosan. Zer lotura duzue harekin?

Gipuzkoako Babarrun Elkartea kanpoko babarrunaren lehiari aurre egiteko sortu zen. Garai hartan, Tolosako azokan kanpoko babarruna bertako babarrun gisa saltzen zen, eta, gainera, merkeagoa zen. Horri aurre egiteko eta bertako babarrunaren jatorria bermatzeko sortu zen elkartea. Gaur egun, elkartearen zakutan erosten duenak gutxienez Gipuzkoan ekoitzitako babarruna dela bermatuta dauka.

Nola egiten da Albizturren ekoitzitako babarrunaren bilketa, kalitate-kontrola, sailkapena eta merkaturatzea?

Ekoizleok bildutako babarruna elkartearen egoitzara eramaten dugu. Bertan, hezetasuna neurtzen diote, kalitate-baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Baldintza horiek betetzen baditu, elkarteak babarruna aletu, hautatu eta ontziratu egiten du, ekoizleari kilo bakoitzeko kopuru bat kobratuta. Ondoren, ekoizleak bi aukera ditu: elkarteak ekoizpen osoa erostea edo babarruna berreskuratu eta bere kabuz saltzea. Nire kasuan, nik neuk saltzen dudanez, ekoizpen guztia berreskuratzen dut.

Zenbat bazkide inguru ditu elkarteak?

Gaur egun, 35 bazkide inguru gara. Gainera, Labelaren aitortza lortu dugu, eta horrek bertako babarrunaren kalitatea eta jatorria bermatzen laguntzen du. Albizturren ere badago elkartearen barruan lanean ari den ekoizleren bat. Hala ere, hasieratik elkartean lanean aritu garen Albizturko bi ekoizle baino ez gara geratzen.

Zein egoeratan dago lehen sektorea?

Gero eta gazte gutxiago dago lehen sektorean, eta egoera justukoa da. Izan ere, lan gogorra da, ez du aurrerapen handirik izan eta oso lotuta zaude; faktore askoren mende egon behar duzu, eguraldiaren eta beste hainbat gorabeheraren mende, besteak beste. Gainera, ez da beste edozein lanbide bezalakoa, ez baitaukazu diru-sarrera finkorik. Horretarako, gustatu egin behar zaizu, eta motibazio eta indar handia behar dira aurrera egiteko.

 

«Gero eta gazte gutxiago dago lehen sektorean, eta egoera justukoa da»

Nola ikusten dituzu Albizturko belaunaldi berriak lehen sektoreari dagokionez?

Nahiko egoera eskasean ikusten dut. Pentsa, nik 66 urte ditut, eta babarrunak ekoizten bizpahiru lagun baino ez gara geratzen. Gazterik ez dago; abeltzaintzaren inguruan badabil baten bat, baina, oro har, egoera nahiko justua da. Gainera, iruditzen zait gero eta gehiago ari garela galtzen, eta horrek kezkatzen nau.

Zerk kezkatzen zaitu gehien?

Askotan, jendeari iruditzen zaio produktu hauek garesti saltzea gure onerako dela, baina guk urte osoan ekoizpen normal bat izatea nahiko genuke, gero prezio egoki batean saltzeko. Hau da, irtenbidea ez da gutxi ekoiztea eta produktua oso garesti saltzea. Horregatik, kezka badugu, baina une honetan gehien kezkatzen nauena eguraldia da.

 

«Une honetan gehien kezkatzen nauena eguraldia da»

Aurten bero handia egin du, eta babarrunari ez ezik, belarrari ere eragin dio. Aurten bakarrik gertatu bada, tira, baina beldurra ematen dit hemendik aurrera urtero antzeko eguraldia izateak. Telebistan entzun nuen datorren urtean agian are bero handiagoa egingo duela. Klima-aldaketa hemen geratzen bada eta urtero egoera berean ibili behar badugu, zer gertatuko da? Irtenbiderik ez aurkitzeak kezkatzen nau gehien. Egoera honek jarraitzen badu, elkartean aztertu beharko dugu zer egin.

Soroa ez kaltetzeko irtenbiderik bilatu daiteke?

Aurten logikarik gabeko gauzak gertatu dira. Nire soroa nahiko handia denez, ez diot ureztatzeko sistemarik jarri, baina baratzeari bai eman diot ura, eta, hala ere, ez du lekarik eman. Etengabe ikasten ari gara, eta horretan jarraituko dugu.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna ekoizle gisa? Babarrunak ekoizten jarraitzeko asmorik duzu?

Asko gustatzen zait lan hau, eta ahal dudan bitartean jarraituko dut. Nire seme-alabek eta emazteak tarteka laguntzen didate; izan ere, haien laguntzarik gabe ezingo nuke jarduera honekin aurrera jarraitu. Ez dakit haiek jarraituko duten, baina ni gauza naizen bitartean gustura jarraituko dut babarrunak ekoizten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!