Goizean hasi dituzte Andre Mari jaiak Albizturren. Herriko gazteek piztu dituzte festei hasiera emateko suziriak, eta ondoren, trikipoteoa egin dute herrian zehar. Herritarrek mozorrotzeko ohiturari heldu diote, eta askotariko mozorroak jantzita atera dira kalera festen lehen egunean.
Eguerditik aurrera, haurrak eta gazteak izaten ari dira lehen eguneko protagonistak. Une honetan, puzgarrietan jolasean ari dira plazan. Ondoren, bazkaria egingo dute. Eta arratsaldean, berriro ere puzgarrietan jolasteko aukera izango dute.
20:00etan, berriz, sagardo dastaketa izango da, Zapiain, Zelaia, Alorrenea, Altzueta eta Mendizabal sagardotegietako sagardoekin. Eguna amaitzeko, DJ Indateren saioa izango da plazan; 23:00etan hasiko da.
Datozen egunetan jarraipena izango dute festek; igandera bitarte luzatuko dira. Hemen kontsultatu daiteke egitaraua osorik.