Uzturre Foroa elkarteak landa-eremuari eta herri txikiei egokitutako adimen artifizialari buruzko oinarrizko prestakuntza bat eskainiko du uztailaren 14an, Albizturko erabilera anitzeko gelan, 18:30etik 20:00etara. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuarekin elkarlanean antolatu dute, eta Joseba Ormazabal aditu tolosarrak emango du saioa. Ikastaroa doakoa da, eta aurrez eman behar da izena 943 11 20 54 telefono-zenbakian (Miren) edo info@uzturreforoa.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.
Uzturre Foroak esan du prestakuntza-eskaintza honek hiru helburu nagusi dituela: «Lehenik, adimen artifizialaren oinarrizko sarrera eskaintzea; bigarrenik, landa-eremuan izan ditzakeen erabilera praktikoak aurkeztea; eta hirugarrenik, landa-ingurunean adimen artifizialaren aplikazioen adibide zehatzak partekatzea». Helburu horien arabera, prestakuntza hiru zatitan egingo dute: lehenik, adimen artifiziala zer den eta nola funtzionatzen duen azalduko dute; ondoren, adimen artifizialaren aukerak eta aplikazioak herri txikietan izango dituzte hizketagai; eta azkenik, ariketa praktikoak eta landa-eremuko erabilera-adibideak izango dituzte hizpide.
Uzturre Foroak hausnarketa, prestakuntza, eztabaida, ikerketa eta parte-hartze sozialerako guneak eskaintzea du helburu. Helburu horiek lortzeko, jarduera dibulgatiboak, prestakuntzakoak eta herritarren parte-hartzea sustatzen dutenak antolatzen ditu. Testuinguru horretan kokatu dute prestakuntza-proposamen hau.