Landa eremuko lursailen mugak digitalizatuko dituzte

Ataria 2026ko uztailaren 7a

Udalerriko 4. poligonoko lursailen mugen inguruko informazioa jasotzeko bi bilera egingo ditu Albizturko Udalak lurren jabeekin: lehena, ostegun goizean; eta, bigarrena, ostiral arratsaldean.

Albizturko Udalak digitalki erregistratuko ditu herriko 4. poligonoko landa lursailen mugak. Udaletik adierazi dute lanak «behar bezala» garatzeko «ezinbesteko baldintza» dela jabeen laguntza izatea, eta horretarako bi bilera egingo dituzte: uztailaren 9an —osteguna— izango da lehena, 10:00etan; eta, bigarrena, berriz, hilaren 10ean —ostirala— izango da, 19:00etan. Biak ala biak udaletxeko gela balioanitzean egingo dituzte.

Albizturko Udalak azaldu duenez, altua da lursailen jabeen bataz besteko adina, eta eremu horien mugak eta mugarriak GPS bidez jasoko dituzte, adinekoek oroimena galdu eta mugak desagertu edo nahastu aurretik. Hain zuzen, horretarako eskatu dute jabeen laguntza: mugakideekin adostu beharko dutelako zein diren lursailen mugak eta mugarriak.

Lanen emaitza bezala, plano pertsonalizatuak emango dizkiete titularrei, eta bertan zuzen jasota izango dituzte lursailen mugak, gaur egungo mugarriak eta berrien koordenatuak. Horrekin batera, mugaren bat okerra izanez gero, katastroan ere zuzenduko dute.

Udaletik azaldu dute norbaitek bilera horietara joaterik izango ez balu, udalaren herritarren harrerako ordutegian —astelehenetik ostegunera, 07:30etik 14:30era— jaso hala izango dutela dokumentazioa, eta 943 65 44 26 telefono zenbakira ere deitu ahal izango dutela azalpenak jasotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!