Albizturko Ogi Ona okindegiak martxoaren 29an itzali zituen labeak, hiru belaunalditako eta 100 urte pasatxoko ibilbidearen ondotik. Albizturko lantegiaz gain, bi denda izan dituzte Tolosan, eta ogia egin izan dute eskualdeko beste zenbait dendarentzat ere. Joxe Mari Zubizarreta Arizeta arduradunak (Albiztur, 1961) Garbiñe arrebaren laguntzarekin azaldu du «errelebo faltagatik» itxi dutela lantegia, eta gogora ekarri dute zein izan den okindegiaren ibilbidea. Martxoaren 29an omenaldia egin zieten herritarrek Joxe Mariri eta Maria Socorro Arizeta Unsain haren amari. Elkarrizketaren amaieran elkarrekin atera dituzte argazkiak lantegi itxi berriaren aurrealdean.
Nork hasi zuen okindegiaren proiektua?
Aitona Tomas [Zubizarreta] hasi zen lehenengo, 1923an. Orduan errota bat zegoen, eta hura hartu zuten. Hemen garia egiten zuten garai hartan, eta herriko jendeak-eta garia ekartzen zieten, eta haren truke ogia eman.
Normalean gariaren pisua ematen zitzaien, ogitan. Soberakin bat dago ogia egiteko garaian, eta tarteko zati hori beretzat hartzen zuen, lanaren truke.
Hortaz, aitona izan zen lehena.
Errota, izatez, aitonaren anaiak hartu zuen lehenengo. Aitona hasi zenean, pixkanaka errota erosten joan zen, eta besteak —Azkoitia ingurukoak ziren— joan egin ziren. Gerora hasi zen aita [Salbador Zubizarreta], eta garai hartan balio zuena baserria zenez, anaia zaharrenak jaso zuen; eta gure aitak errota, gazteagoa zelako.
Mugituagoa ere bazen, ez zen geldirik egotekoa. Ezkondu eta bizitza aurrera atera behar zutela-eta, pixkanaka hobetzen joan zen.
Nola egiten zuten lan hasieran?
Orduan ogia oso sinple egiten zen. Masak eskuz egiten ziren, eta hartzidura naturala zen, denboraren eta epeltasunaren poderioz. Etxe barruan labe itxi bat zuten: sua egiten zuten barruan, brasak baztertu, eta ogia sartu. Zenbat aldiz entzungo ote nuen: «Eskerrak ez duen etxeak surik hartu». Labea barruan zegoen, eta sabaia ere ez zen oso urruti... Denborarekin zartatu egiten zen labea, eta konpontzen aritzen ziren. Ogi handiak egiten zituzten garai hartan.
Amak esaten zuen, geroago, lekualdatu zirenean amasadora [oratzeko makina] txiki bat zutela, korrea [uhal] batekin lan egiten zuena. Turbinak zituen errotak, eta turbinetatik uhal baten bitartez mugitzen zuten. Makina hark zuloa omen zuen, eta trapu bat sartzen zioten tapatzeko eta masarik ez galtzeko.
Zerikusirik ez, beraz, gaur egungoarekin.
Argindarra ere... Alternadore txiki bat jarri zuten, argi pixka bat izateko. Garai hartan Albizturren zentral bat egin zuten, urarekin funtzionatzen zuena; eta hura ere denbora batez gure aitonak gestionatu zuen: hango mantentze lanak-eta. Pixkanaka labe hobea egin zuten, oratzeko makina hobexeago bat ekarri...
Momentu batean etxea luzatu eta halako estalpe bat egin zioten, bertan labea jartzeko. Gero labe hura ere kendu, eta labe birakari bat jarri zuten. Lehenengoa finkoa zen, eta sua azpian egiten zitzaion. Bigarrenak, berriz, plataforma bat zuen biratu egiten zena. Sua azpian egiten zitzaion hari ere, egurrarekin, eta ogia sartzen eta biratzen joaten zinen pixkanaka; sartzen eta biratzen; eta bira guztia ematerako erreta egoten zen ogia. Sistema hori hobekuntza handia izan zen.
Etengabe egokitzen aritzen ziren.
Gogoan dut zintako zerra bat ere jarri zutela momentu batean, egurra errazago mozteko. Jakina, labeak bero mantentzeko egur asko behar zen: egunero-egunero sartu behar zen, eta baserritarrek egurra saltzen zuten.
Labe haren ondotik, beste bat ere jarri zen, handiagoa. Eta hurrengo pauso berritzailea izan zen egurra sartzetik, fuel-olio erregailu bat jarri zitzaiola. Sekulako aurrerapena izan zen, baina sekulako problemak ematen zituen. Fuel-olioa nahiko narrasa eta zikina zen. Harentzat depositua jarri behar izan zen, eta hura sartzeko ere zuloa egin behar izan zen. Gogoan dut nola aritu ziren lanean. Harriak ateratzeko eta mugitzeko erosi zuten kamioneta zahar bat, bost xentimo balio ez zuten Citroen haietako bat, eta harriak-eta ateratzeko... Gogoan dut Vespa baten motorrari polea bat jarri, eta hura martxan jarrita ateratzen zituztela harriak zulotik.
Eta gaur egungo eraikina?
Aitak beste zabaltze bat egin nahi zuen, baina terrenoa ez zioten saltzen. Azkenean erabaki zuen etxe berri bat egitea, eta 1973an hau egin zen. Garai hartan hainbat okindegi elkartu egin ziren Tolosan, eta gure aita ere gonbidatu zuten, baina hemengo inbertsioan sartuta zegoela-eta, ezetz esan zuen.
Gauzak bere erara egin nahi zituen, eta Frantziara ere joan zen, han gauzak nola egiten zituzten ikustera. Hain zuzen, 80. hamarkada inguruan handik ekarri zituen lehen hartzidura kontrolatuko ganberak; Espainiako lehenengoetarikoak izango ginen. Ganbera haiek denborak neurtzeko eta hartzidura kontrolatzeko balio zuten.
Nolakoak izaten ziren lanegunak?
Oso lanaldi luzeak izaten ziren. Orduan igandeetan itxi egiten zen, baina bikoitza egiten zen larunbatean. Aitona hasten zen, aitak jarraitu eta langileren bat edo beste ere izaten zen. Guk ere laguntzen genuen; zazpi edo zortzi urte izango genituen.
Hori, hala ere, hasieran. Hona etorritakoan beste kontu bat izan zen: askoz errazagoa zen, eta gauzak egiteko aurrerapen asko sartu ziren. Beti mantendu genuen egiteko era, baina baliabide aurreratuagoekin. Jai egiten ere hasi ginen: hamabost bat egun, udan. Labeei hozteko tartea utzi, eta itzultzean pitzadurak-eta konpontzen genituen, soldadurak egin...
Denak ez zuen hasieratik ondo funtzionatzen. Makina berriak ziren batzuk, nahiko esperimentalak, eta sekulako arazoak ere eman zituzten. Labe suediar batzuk ere jarri genituen, eta haiek karroekin funtzionatzen zuten. Haizearekin egiten zuten lan, eta karroa osorik sartzen den horietakoak ziren. Oso-oso labe onak. Jarri zen lehenengoa bertan daukagu oraindik; 40 urtetik gora egin ditu martxan.
Nola hasi zinen okindegian?
Ingeniaritza bat ikasten hasi nintzen, baina aitak etxean baten bat geratzea nahi zuen, eta azkenean nik hartu nuen kontua. Egokitzen aritu gara beti, eta 80. hamarkadan ogi ekologikoa egiten hasi ginen; Tolosako belar denda batekin egiten genuen banaketa. Seguru asko azkarregi izan zen, hemen ez zegoen oraindik pentsaera hori. Hiruzpalau urtez aritu ginen, baina azkenean utzi egin genuen. Ogi ekologikoaren kontua itzuli zen azkenean, handik urte mordoxka batera.
Eta nola iritsi da ixteko unea?
Iritsi da momentua, non nire seme-alabek ere euren bidea hartu duten, eta ez dagoen atzetik inor. Gero, ogiaren kontua ere jaitsi egin da, gutxiago jaten da... Niri ere erretiratzeko adina iritsi zait, eta erabakia hartu genuen. Kasualitatez herrian artisautza feria bat egon zen, eta omenaldi txiki bat egin ziguten. Ez nuen espero. Sorpresa oso polita izan zen. Amari eta niri egin ziguten, eta... Sekulakoa izan zen. Azkenean, urte hauetan etxez etxe aritu gara, ogiak banatu, eta... Esfortzu bat ere egin dugu. Garai batean errentagarria zena, gaur egun jada ez zen, baina jarraitu dugu egiten.
«Hainbeste urtetan borrokan ibili ondoren [...] Gelditzea ez genuen aurreikusten berez»
Ez zen erabaki erraza izango.
Ez, ez, ez da erraza izan. Beti eta hainbeste urtetan borrokan ibili ondoren gauzak aurrera eramateko eta... Gelditzea ez genuen aurreikusten berez.
Pena da, baina segidarik izango ez badu, ez du logikarik arrastaka jarraitzeak. Enpresa txiki guztietan bezala, asko lotzen zaitu honek: ordu asko dira, dedikazio handia eta... Nekagarria da. Segidarik izango ez bazuen, ez zuen zentzurik jarraitzeak. Besteren bat sartzeko unea zen, eta ez zegoen inor.
Zerbait esan nahiko zenieke bezeroei?
Eskerrak ematea. Jende oso leial eta fidela izan dugu. Okindegi batera beti jende antzekoa joaten da; eguneroko bezeroak izan dira. Gu saiatu gara gauzak ahal bezain ondo egiten, kalitate onena ematen beti: bai materialetan, bai prozesuetan... Beti esan dut ez dudala saldu nahi zerbait ez niekeena nire seme-alabei emango; eta uste dut bezeroek ere nabaritu dutela hori.
Gogoan dut okin nahiko ospetsu batek esaten zuela: «Ogia egitea erraza da; ogi ona egitea zaila; eta ogi ona egunero egitea, oso zaila». Gauza askok eragiten dute, eta gu beti saiatu gara ogi ona egiten; gaur egun dena aurrez egosita eta izoztuta dagoen honetan, bada, egunerokotasunari eusten. Azkenean mota askotako ogiak egin behar badituzu egunero, eta... Esfortzu bat eskatzen du, kostu aldetik ere handixeagoa da...
Eta ogiaz gain, gozoak ere egin dituzue.
Jarri genuenean Tolosako lantegi txiki hori, Korreo kalekoa... Han hasi ginen gauza gehiago egiten. Gure politika izan da egunero gauza ezberdin bat egitea; eta jendea ere horretara ohitu zen: bazekien astelehenetan palmerak eta lazoak zirela; astearteetan, erroskillak; asteazkenetan, buñuelo-ak; ostegunetan, pastak eta, ostiraletan, sagar tartak. Sagar tartak eta euskal pastela izan dira gure indarguneak. Jendeak preziatzen zituen; eta azken egunetan ere sekulako eromena izan da.
Halako dendentzat eta enpresentzat eskualdatzea izaten da ez ixteko aukera bat. Halakorik pentsatu duzue?
Lantegia Tolosan dago; eta bada interesa azaldu duen baten bat ere. Gu gara lehen interesdunak honek jarrai dezan. Lantegian dena jarrita dago, eta guri baino gutxiago kostako zaio hastea hartzen duenari. Dena dela, ikusiko dugu; horiek hurrengo fase batean aztertu beharreko gauzak dira.