Lehia festa giroan

Ataria 2026ko apirilaren 18a

Albizturko Udaberriko Festetan herri kirol desafioak ikusmina piztu du. Azkenean Asier Aldalur eta Oier Aramendi izan dira denbora onena egin dutenak.

Jende asko elkartu da arratsaldean Albizturko plazan. Udaberriko Festak ospatzen ari dira herrian, eta herri kiroletako saio berezia antolatu dute, herritarren parte hartzearekin. Lau bikote aritu dira lehian, eta aizkoran, harri jasotzen, txingak eramaten eta korrika aritu dira. Asier Aldalur eta Oier Aramendi bikoak egin dute denbora onena, 21:45ekin; bigarrenak Mikel Etxeberria eta Jon Ezeiza izan dira, 22.37rekin; hirugarren Xabier Telletxea eta Ander Dorronsoro, 23.41ekin; eta laugarrenak Asier Telleria eta Iñaki Orbegozo izan dira, 25.30eko denborarekin. Saioa girotzen Kimu txalapartariak izan dira. Desafioaren ondoren, zozketaren saridunak atera dira.

Ondoren festaren egitarauak jarraitu du, eta 150 pertsona elkartu dira afaltzeko frontoian. Erromeriarekin jarraituko dute, eta amaitzeko DJ Nazak girotuko du gaua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!