Albizturren festa udaberriari ongietorria emateko

Ataria 2026ko apirilaren 10a

Albizturko Erromeri Egunaren artxibo irudia. ATARIA

Datorren astean ospatuko dituzte Albizturko Udaberriko Festak. Apirilaren 17an eta 18an izango dira jarduerak, eta herritarren arteko desafioa egingo dute, besteak beste.

Albizturren datorren asteko ostiralean eta larunbatean —hilaren 17an eta 18an— ospatuko dituzte Udaberriko Festak. Ostiral arratsaldean izango dituzte lehen jarduerak, eta larunbatean albizturtarren arteko desafioa egingo dute, besteak beste.

Festa ostiraleko 18:00etan hasiko dute, eta frontenis txapelketako finalak izango dira lehen hitzordua. Ordubete geroago, 19:00etan, hasiko da trikipoteoa eta fronteniseko finalekin amaituko dute eguna.

Larunbatean, herritarren arteko desafioa
Larunbatean, berriz, 10:00etan hasiko dute festa mendi irteerarekin. Arratsaldean izango da hurrengo hitzordua, hain zuzen, herritarren arteko desafioa. 17:30ean hasiko da proba, eta aurrez aurre ariko dira lau bikote: Kareatxiki eta Ander, Armuñu eta Pari, Oier eta Asier, eta Telleria eta Iñaki. Herriko plazan elkartu eta, bi txandatan, lau lan izango dituzte: 45 ontzako enborra moztea, korrika kilometro eta erdi egitea, 100 metro egitea 25 kiloko txingekin, eta hamar aldiz jasotzea 75 kiloko zilindroa.

Kimu txalapartak girotuko du desafioa, eta amaitzean Enaitz Alberdi eta Elaia Diaz trikitilariek hartuko dute giroaren erreleboa. Iluntzean, herri afaria 20:30ean hasiko da, eta 23:00etan jarraituko dute erromeriak trikitilariekin. Eguna amaitzeko, berriz, DJ Nazak girotuko du gaua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!