Albizturko Festa Batzordeak antolatuta, Udaberri Festak ospatzen ari dira bertan. Herritar gazteentzat zein helduentzat, nahiz ingurutik bertaratzen direnentzat prestatutako egitaraua izaten ari dira ostegunaz geroztik, eta bihar dute azken eguna. Aurreko egunetan, frontenis txapelketa, dantza emanaldia, futbol txapelketako partidak, sagardo afaria, mendi ibilaldia eta erromeria izan dituzte.
Gaur goizean, azoka eta ardo dastaketa egin dituzte; azoka bigarrenez egin dute, eta dastaketa, hirugarrenez. Eguraldiak hala behartuta, frontoian egin behar izan dute. Guztira, 17 postu izan dira azokan, eskualdeko artisauenak gehienak. Askotariko produktuak izan dira salgai, hala nola, elikagaiak, arropa, bitxiak edota etxerako gauzak. Ardo dastaketan, berriz, ardo zuria eta txakolina izan dituzte aukeran; askotariko pintxoak ere izan dira salgai. Unai Dorronsoro eta Xabi Malbadi aritu dira goiza girotzen. Trikitiarekin aritu da Dorronsoro; Malbadi, berriz, Triklatuarekin.
Gaur arratsaldean izango du jarraipena festa giroak. 18:00etan hasita, erromeria izango dute Jon, Jaione eta seme-alaben eskutik. Bihar emango diete amaiera Udaberri Festei. Futbol txapelketako finalak jokatuko dituzte.