Asteburuan Udaberri Festak ospatuko dituzte Albizturren

Ataria 2025eko apirilaren 9a

Iazko azokako postu bat. LEYRE CARRASCO

Ostegunean futbol txapelketarekin hasiko dute egitaraua, eta asteburuan izango dira jarduera gehienak. Hainbat ekimen antolatu dituzte, horien artean, azoka, mendi ibilaldia, erromeria eta ardo dastatzea.

Albizturren bihartik —hilaren 10etik— datorren astelehenera —apirilaren 14ra— ospatuko dituzte Udaberri Festak. Bihar futbol txapelketarekin hasiko dira, eta jarduerarik gehienak ostiraletik igandera izango dira. Egun horietan denetariko eskaintza antolatu dute, besteak beste, dantza-emanaldiak, mendi irteera, erromeria, sagardo afaria, azoka eta ardo dastatzea.

Albizturko Festa Batzordeak antolatu du egitaraua, eta herritar gazteentzat zein helduentzat prestatu dituzte hitzorduak; sagardo-afarian, adibidez, bi publikoentzat egokitutako menuak antolatu dituzte. Igandeko azoka bigarrenez antolatu dute aurten, eta eskualdeko zein inguruko hainbat artisau izango dira bertan. Egitaraua borobiltzeko, berriz, erromeria izango dute Jon, Jaione eta seme-alaben eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!