Albizturren baso-laborategia jarriko dute

Ataria 2025ko api. 2a, 11:07

Pinudi baten artxiboko irudia.

Baso-laborategiak 25 hektareako eremua izango du, eta hiru pinu espezierekin egingo dute lan. Egitasmoaren helburua da, besteak beste, EAEko koniferoak «klima-aldaketara eta gaixotasun emergenteetara» egokitzea.

Albizturren jarriko dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehen baso-laborategia. Basoaren eremu bat bideratuko dute esperimentatze, ikaste eta ikertze jardunetara; eta inguru horiek, hain zuzen, «osasun arrisku betean edo berehalakoan» daude.

Albizturko ingurua «biodibertsitatean aberatsa» izateagatik nabarmentzen dela adierazi dute, eta baso-espezie asko biltzen dituela. Amelia Uriak, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko koordinatzaileak, azaldu du EAEn Gipuzkoa aukeratu dutela baso-laborategiak garatzeko: «Inguru hau aukeratu dugu, batik bat, patologiek gehien erasaten dutena delako, adibidez, banda marroiak».

Basoa informazio-iturri
Aipatutako baso-laborategi horrek 25 hektarea izango ditu eta, horietatik, bi egokituko dituzte datuak biltzeko eta baso-eredu berritzaileak aplikatzeko: «Horrek ahalbidetuko digu monitorizazioa egitea, eta neurtzea nolako eragina duen klima aldaketak eta zein eragin duten gaixotasunek pinuengan». Dena dela, Uriak zehaztu du gainerako hektareetan ere jasoko dutela informazioa.

Baso-laborategian hiru pinu espezietan —baso-pinua, itsas pinua eta radiata— egiten ari diren «ikerketak eta hobekuntza genetikoak» probatuko dituzte. Eta aurrez aipatutako jarraipena azaldu du Uriak: «Espezie horiek landatu eta jarraipena egingo diegu ikusteko nola erantzuten dioten klima aldaketari eta sor daitezkeen gaixotasunei».

Proiektua elkarlanean garatuko dute beste hainbat eragilerekin, horien artean, Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, Lourizan Baso Ikerketa Zentroa, Valladolideko Unibertsitateko Fundazioa eta Nekazaritza eta Elikagaigintzako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionala.

Etorkizunean mantentzeko asmoa
Proiektua iraunkorra izatea nahi dutela azaldu dute arduradunek: «Probak denboran irautea nahiko genuke, horrela etorkizunean ere informazioa jasotzen jarraitzeko. Eta landareetako batek ondo erantzuten badu, aukera izan dezagun berriro garatzeko».

Ekimena Planforlab proiektuaren barruan dago —Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoan—, eta EAEko koniferoak «klima-aldaketara eta gaixotasun emergenteetara» egokitzea du helburu. Galiziako Basogintza Elkarteak, Espainiako Basogintza Erakundeen Konfederazioak, Gaztela eta Leongo Baso Elkarteen Federazioak eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederazioak koordinatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!