Urte honetarako 732.934 euroko aurrekontua izango du Albizturko Udalak; iaz baino 186.603 euro handiagoa. Foru Funtsak herri txikientzako diru laguntzen ehunekoa eguneratu zuen iaz, eta aurten jaso dute udalek zenbateko hori, lehenengoz. Datozen hamabi hilabeteetan egingo dituzten lanetako batzuk dira herri bideak konpontzea, argiteria berritzen jarraitzea, mugak topografikoki jasotzea eta bideen inbentarioa egitea.
Aipatutako kopuru horretatik 276.500 euro bideratuko ditu udalak inbertsioak egiteko. Alazne Urkizu alkateak adierazi du orain arteko lan lerroak mantenduko dituztela, baina aurrekontu eguneratuak «arnasa» ematen diela aukera berriak aztertzeko: «Herri txikietan inbertsiotarako izendatzen dugun kopuru ia guztia joaten zaitu konponketetan eta mantenuan. Kopuru berri honekin esparru gehiagori hel diezaiekegu; alde handia dago».
Bideak eta mugak
Herri bidean konpontzen jarraituko dutela aipatu dute, zati batean segurtasun barandak ere jarriko dituztela eta, horrez gain, inbentarioa egiten ere hasiko dira. Alor horretara, guztira, 90.000 euro bideratuko dituzte. Mantenuko lanez gain Urkizuk nabarmendu du beharrezkoa dela inbentarioa egitea ere: «Herriz kanpoko jendeak dena hesitzeko ohitura du, eta herri bideak errespetatu egin behar dira, jakina. Horrekin otsailean hasteko asmoa dugu».
Hari berari tiraka egingo dute lurretako mugen digitalizazioa ere. Dagoeneko martxan dago prozesua, eta orain hirugarren eremu izendatu dutenarekin dabiltza lanean. Alkateak azaldu du bi urte inguru iraungo dituela prozesuak, eta aurten 2.000 bideratu dituzte horretara.
Energian pausoz pauso
Energiaren arloan pausoak ematen jarraituko dutela ere iragarri du Urkizuk: energia plana osatu zuten iaz eta aurten pilotalekuaren teilatuan eguzki plakak jartzeko asmoa dute; 50.000 euro jaso dituzte horretarako. Eta ez da frontoian egingo duten lanketa bakarra, pintura berritzeko 15.000 euro ere bideratu baitituzte.
Pilotalekutik harago, berriz, argiteria eta klabeen sistemak berrituko dituzte nola kalean, hala udal eraikinetan. Kale argiterian 40.000 euro inbertituko dituzte eta LED argiak jarriko dituzte, besteak beste; eta 10.000 euro bideratuko dituzte, aldiz, udal eraikinetara, hain zuzen, udaletxera, kultur etxera eta eskolara. «Guztia epetan egiten ari gara, ezin baitugu dena aldi berean egin».
Etorkizuneko erronkak
Hamabi hilabete hauetatik haragoko lanketak ere identifikatu dituzte Albizturko Udalean. Iaz bezala, ur garbien zein zikinen kudeaketarekin epe luzera begira jarraitzen dutela aipatu du Urkizuk, baina aurten zenbait lan egingo dituztela ere nabarmendu du: «Aurtengo inbertsioetako bat da Igarondoko deposituetatik herrirainoko hodia berritzea, arazo asko izan baitira». Sistemari buruz, berriz, azaldu du lanketa elkarlanean egin behar dutela: «Hainbat erakunderen artean egin behar denean luzatu egiten da, agiri gehiago behar dira... Epe luzera landu behar da».
Gazteentzako etxebizitzen eskaintza da aurretik mahai gainean duten beste erronka bat, eta pausoak emango dituztela ziurtatu du alkateak: «Aurrera edo atzera, baina zerbait egin behar da». Eta zentzu berean adierazi du indarrean duten plan orokorra ez dela egokia gaur egungo herriko errealitatearentzat: «Oraingo planak behartzen gaitu hamabost bat etxebizitza kolpe bakarrean egitera; eta Albizturren ez dago hainbesteko eskaerarik».
Herritarrekin orain arte egindako lanaz, berriz, gogobeteta hitz egin du Urkizuk: «Hainbat hitzarmen sinatu ditugu herriko eragileekin, eta herriko jarduerak denon artean garatu ahal izatea lortu dugu. Garai bateko ohitura batzuk berreskuratu nahian gabiltza».