Jaien bigarren eguna, mozorrotuta hasiko dute Albizturren; izan ere, mozorro eguna izango da. Horretaz gain, umeen eguna ere izango da; izan ere, herriko haur eta gazteen bazkaria egin eta puzgarrietan jolasean ibiltzeko aukera izango dute. 19:00etan tortilla prestatzen abilena nor den erakutsi beharko dute herritarrek, eta egunarekin amaitzeko, barrikotea, bingo musikatua eta herriko trikitilarien txanda izango da.
Abuztuaren 17a, ekitaldi indartsuenak dituen eguna izango da Albizturren, eta aurten ere hiru herriren arteko desafioa jokatuko da. Pasa den urtean bezala, Bidania eta Albiztur izango dira desafioan parte hartuko duten herriak, eta estreinakoz, Berastegi izango da desafioan lehiatuko den hirugarren eta azken herria. Eguzkia ezkutatzearekin batera, herri afariaren txanda izango da, eta azkenik, Ansorregi eta Larrañagaren erromeria izango da entzungai. Azken egunean ere izango da zerekin gozatu Albizturren. Arratsaldean Tio Teroren Semeak Haurreskolari lanaren emanaldia egingo da, eta Tolosaldeko lehenengo herria izango da saio hau eskaintzen duena. Ondoren, pintxopotea egingo da herriko trikitilariek alaituta, eta festei itxiera emateko, afizionatu mailako pilotari onenetarikoen arteko partidak jokatuko dira.