Albizturren ostiraletik igandera ospatuko dute udaberriko festa

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 9a, 07:59

Apirilaren 12tik 14ra denetariko ekimenak antolatu dituzte Albizturren, besteak beste, frontenis txapelketa, afari herrikoia, bertako ekoizleen azoka eta ardo zuri dastaketa.

Udaberri festa egingo dute Albizturren ostiraletik igandera. Lehen egunetik azkenera denetariko jarduerak antolatu dituzte, horien artean, frontenis txapelketa, olinpiar jokoak, afari herrikoia, ardo dastaketa eta bertako ekoizleen azoka.

Albizturko Festa Batzordea aritu da egitaraua antolatzen eta, Larraitz Eceiza kideak azaldu du «herritar guztientzako» ekimenak antolatzea izan dutela asmo: «Izan udaberriko festetan zein herriko festetan; adin guztientzako eskaintza prestatzen saiatzen gara». Hori horrela, egitarauko zenbait jarduera egokitu dituzte adin ezberdinetako herritarrek parte har dezaten, horren adibide dira frontenis txapelketan adinaren araberako lehiak eta olinpiar jokoak prestatzea bi adin tartetarako: ariketa batzuk hamaika urte bitarteko haurrentzat; eta, beste batzuk, adin horretatik aurrerako herritarrentzat.

Azoka berria
Egitarauari begira, ordea, «berritasun nagusi» bat nabarmendu du Eceizak: bertako ekoizleen azoka. Eskualdeko zein inguruko ekoizleengana jo dute antolatzaileek azokako postuak osatzeko eta, Eceizaren hitzetan, bertako ekoizleen zein produktuen «alde apustu egitea» izan da helburua.

Hari berari tiraka azaldu du azokan parte hartuko duten ekoizleak ez direla janariaren alorrekoak bakarrik: «Herrikoa izanda Ogiona okindegia gonbidatu dugu, eta baita janariaren arloko beste zenbait ekoizle ere. Hala ere, azokan denetik egiten duten ekoizleen produktuak egongo dira: poltsak, arropa, pitxiak...».

Igandean izango da azoka, eta aldi berean egingo dute bigarren ardo dastaketa ere. Guztira, lau jatorri izendapenetako ardoak dastatzeko aukera izango da. Parte hartzeko kopa erosi beharko da eta, hortik aurrera, tiketak ardoak dastatzeko. Edariarekin batera pintxoak ere jarriko dituztela aurreratu du antolatzaileak. Bigarren urtea izango du ardo dastaketak, eta Eceizak nabarmendu du «arrakasta handia» izan zuela joan den urtean.

Eguraldi ona egiten badu herriko plazan egingo dituzte bai azoka, bai dastaketa. Euria egingo balu, berriz, frontoian izango dira jarduera horiek.

Elkarlanean antolatua
Hamar edo hamabost bat herritarrek hartzen dute parte Albizturko Festa Batzordean eta horiek antolatu dute egitaraua. Eceizak esan duenez ez dute arazorik izan antolatzeko garaian, eta «uneoro argi» izan dute helburua: «Garbi dago herriak bizia behar duela, eta hori lortzera bidean antolatu dugu hau».

Beste zenbait jarduera ere antolatu izan dituzte Albizturren, kasurako, erromeria festa. Eceizak azaldu du «oso-oso ondo» joan zela aurreko urtekoa, baina aurten azoka izango dela «apustu nagusia» eta ez dutela egingo erromeria festa. Gainerako jaiak, berriz, –San Joan jaia eta herriko festak– «urtero bezala» ospatuko dituztela ere nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!