Aparkalekuak eta eremu publikoa arautu dituzte Albizturren

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mar. 20a, 19:58

Udalak joan den otsailean argitaratu zuen ordenantza arautzailea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; ordezkarien hitzetan helburua «erabilera oker batzuk» zuzentzea da.

Albizturko Udalak herriko aparkalekuak eta eremu publikoa arautzeko ordenantza argitaratu du. Iñaki Orbegozo alkateak adierazi duenez hainbat «erabilera oker» zuzentzeko tresna sortzea izan dute helburu: «Toki batzuk, momentu batetik aurrera, gehiago funtzionatzen zuten eremu pribatu bezala, publiko bezala baino; eta hori zuzentze aldera dator ordenantza. Ez zorrotzegiak izateko asmoz, baina behintzat lerro bat jartzea ondo definitzeko».

Ildo beretik, Udaleko Oihan Ostolaza idazkariak azaldu du «legedi orokor batzuk» izaten direla, eta gero herrian herriko ordenantzak egiten direla: «Herri txikiei gertatzen zaie oso-oso oinarrizko ordenantza batzuk dituztela eta ikusten genuen arlo honetan bazegoela hutsune bat». Herriko eremu publikoan autoak eta objektuak «denbora luzez» uzteko joera identifikatu dutelako idatzi omen dute araudia, eta alkateak gaineratu du ez dela udalaren helburua dirua lortzea, baizik eta «ordena pixka bat» lortu nahi dutela.

Herritarrekin harremana
«Herritarrei eskatu diegu oso garbi zeuden erabilera okerrak zuzentzeko, eta lehenago edo beranduago zuzendu dituzte gehienek», horrela hitz egin du idazkariak araudia martxan jarri osteko lehen uneei buruz, eta gehitu du ordenantzaren arabera kotxe batek ezin duela hamabost egun baino gehiago egon leku berean aparkatuta, eta ez direla jabearengana joango hamabosgarren egunean; baina, denboran «asko luzatzen bada» hori ezin duela egin esango diotela.

Orbegozok aipatu du ez dutela «erantzun positiboa» jaso «erabilera okerra» egiten zutenen aldetik eta, bestela, ez dutela «kontrako mezurik» jaso herritarren partetik. Bestalde, «ahalik eta objektiboenak» izaten saiatzen direlakoan dago, eta neurria «guztien onurarako eta bizikidetzarako» dela.

Hari berari tiraka, idazkariaren ustez «geroz eta arazo gehiago» dituzte oinezkoen, bizikleten eta autoen artean, eta «beharrezkoa» zen ordenantza: «Ez dugu gehiegizko zorroztasunez jokatzeko asmorik. Gehiago da elkarbizitzarako tresna izatea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!