Milioi erdi pasatxoko aurrekontua izango du Albizturko Udalak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mar. 20a, 19:37

Aurten ardatz izango dituzte argiteria egokitzea eta herri bideak konpontzea; aurrera begirako erronkak dira uraren kudeaketa eta gazteentzako etxeak.

Albizturko Udalak, aurten, 546.331 euroko aurrekontua izango du; iaz baino 20.000 euro inguru gehiago. Alkatearen eta idazkariaren esanetan argiztapena egokitzea eta herri bideak konpontzea izango dira urte honetako ardatzak.

Aipatutako kopuru horretatik inbertsioak egiteko bideratuta 134.045 euro ditu udalak. Ordezkariek azaldu dutenez, lehenengo, neurriak hartuko dituzte kaleko eta udal azpiegituretako argiteriaren kontsumoa jaisteko; eta aurrera begirako helburu izango dute, berriz, energia berriztagarrian alorrean «sartzen hastea». Alkateak kontatu du kaleko argiteriaz gain frontoikoa ere aztertu dutela, eta argiak aldatzearekin batera bertan eguzki panelak jartzeko asmoa dutela;   gaineratu du, baita ere, horrek «inbertsio txiki bat» eskatuko duela.

Albizturko Udalarentzat herri bideak konpontzea izango da urte honetako beste ardatz bat. Ordezkariek aipatu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero ateratzen du lan horiek finantzatzeko diru laguntza, eta aurten «bizpahiru» bide konpontzeko asmoa azaldu dute.

Etorkizunerako erronkak
Aurrera begirako «erronka potolo» bat uraren kudeaketa dela aitortu du Oihan Ostolaza idazkariak, gaur-gaurkoz ur garbiak eta zikinak «nahastuta» joaten direla-eta: «Nahastuta joaten dira urak eta badakigu hori zuzendu egin behar dugula. Aldundiak egingo du ur zikinen kudeaketa, baina ubidearen adarra egitea guri dagokigu».

Bide beretik, ur garbiekin ere «luzerako lanketa» dutela aipatu du herriko etxebizitza guztietara ez delako ur garbi hornidura iristen. Alkatearen hitzetan «etxe askok» ur depositu propioak dituzte eta nabarmendu du «prozesu geldoa» izango dela koordinatu egin beharko dutelako etxejabeekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Ur Partzuergoarekin.

Bestalde, ordezkariek aipatu dute «gabeziak» dituztela gazteei bideratutako etxebizitzei dagokienean; eta aurten egiteko lanketa baino gehiago, «legegintzaldikoa» dela uste dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!