Lehen Erromeria Eguna, arrakastatsua

Ataria 2023ko maiatzaren 27a

Lehen aldiz antolatu dute Albizturren Erromeria Eguna, eta harrera oso ona izan du; bazkalostean giro bikaina sortu da, aspaldian oholtza gainean jo gabeko trikitilarien piezen erritmora.

Giro ederrean ari dira burutzen Albizturren Erromeria Eguna. Babarrunarekin ez ezik trikitiarekin ere lotura duen herria da Albiztur, eta gaurkoan ederki ari da hori erakusten.

Kalejiran hasi dute eguna, eta tabernaz taberna aritu dira soinujoleak trikiti doinuekin herria alaitzen. Ondoren, plazan elkartu dira 200 pertsona inguru bazkaltzeko. Bazkalostean etorri da eguneko osagai bereziena, aspaldian jendaurrean jo gabeko trikitilariak igo baitira plazako oholtzara.

Arin-arinak, fandangoak, garai batekoak nahiz berriagok, denetariko piezak jo dituzte soinujole eta pandero joleek, eta herritarrak pieza askotan animatu dira, sueltoan nahiz bikotean nahiz taldeka dantza egitera.

Ander Malbadi arduratu da musikariak banan-bana, umore ukituarekin aurkezteaz. Hala, Markox Landa, Arandia anaiak, Iñaki eta Ramon, Alaitz Aramendi eta Garazi Zubizarreta edota Malbadi anaiak izan dira 3-4 abesti jo dituztenak. Antolatzaileek azaldu moduan, festak «jendea aspertu arte» jarraituko du.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!