Soinuak eta panderoak astintzeko eguna izango dute Albizturren

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 24a, 07:59
2018ko festetako txupinazoko argazkia.

Albizturko I. Erromeria Eguna ospatuko dute larunbatean; kalejira eta bazkariaren ondoren, aspaldian oholtzara igo ez diren trikitilariek erromeria jaialdia eskainiko dute.

Larunbat honetan ospatuko dute Albizturko I. Erromeria Eguna. Kalejiran hasi, elkarrekin bazkaldu, eta erromeria jaialdia egingo dute bazkalostean, aspaldian oholtzara igo gabeko trikitilariekin. 

Eguraldiak laguntzen badu, goizean, 11:30ean hasita, herri osoan zehar kalejiran aterako dira soinujoleak, eta taberna atarietan geldialdiak egingo dituzte. Ondoren, bazkaria izango dute, Txomin Parrilaren eskutik. Unai Dorronsoro antolatzaileak esan duenez, «bazkaria aitzakia polita izan daiteke aspaldi elkartu gabeko trikitilariak juntatzeko». Dagoeneko txartelak erosteko epea amaituta dago, eta ia 200 lagun elkartuko dira. «Ez genuen espero hainbeste jende animatzea eta egia esan, poza ematen du, hainbesteko lana hartuta jendeak horrelako erantzuna ematea».

Bazkalostean, aspaldi oholtzara igo ez diren trikitilariekin jaialdia egingo dute, 17:00etatik aurrera. Besteak beste, Markox Landa, Arandia anaiak, Iñaki eta Ramon, Alaitz Aramendi eta Garazi Zubizarreta, Malbadi anaiak, Pagadi eta kartelean zehaztu duten modura, etxe bakoitzeko hoberenak hartuko dute parte. «Antolatzen hasi ginenean, geuk ere ez genekien seguru zein animatuko zen eta zein ez, eta kartelean 'lo mejor de cada casa' daukagu jarrita; herritar taldetxo bat elkartu gara, ea denon artean zerbait egiten dugun».

Bakoitzak, gehienez, hiruzpalau pieza joko ditu. «Behin jaialdia amaituta, festak jarraitu egingo du, eta txandaka-txandaka saio librea egiteko aukera izango da, jendea aspertu arte». Bazkaltzera joaten ez denak ere berdin-berdin izango du aukera erromeria ikustera joateko. 

Ramon Dorronsoro izango da oholtza gainera igoko den pandero joleetako bat, Iñaki Malbadi soinujolearekin batera. Bikote moduan plazaz plaza aritutakoak dira, 14 urtez. «Ezkonduz gero, ez dugu gehiago elkarrekin plazetan jo», esan du Dorronsorok. Larunbatean izango dute horretarako aukera, bazkalostean. «28 urte izango dira utzi genuenetik; jende gazteak ez gaitu ezagutu ere egingo, baina denek dakite ibilitakoak garela, eta jendeak seguruenik gustura ikusiko gaitu».

Entsegu batzuk egin dituzte dagoeneko, eta aste honetan zehar gehiagotan ere elkartuko direla esan du. «Ondo ikasitakoak ez dira ahazten, lehengo txisparik ez daukagu, baina nahiko ondo aritzen garela esango nuke». Oholtzan zein pieza joko dituzten erabakita daukate dagoeneko, baina nahiago dute sorpresa izatea. 

Aspaldiko ideia

Aspalditik zuten buruan horrelako egun bat antolatzeko ideia, Dorronsorok kontatu duenez: «Orain dela urte batzuk saiatu ginen antzeko egun bat antolatzen, baina lehen aritutako trikitilariak ez zirenez animatu, ez genuen aurrera egin». Aurten, berriro ideia hori garatu nahi izan dute.

Izan ere, Dorronsorok esan duenez, 300 biztanle inguru dituen herri bat izateko, trikitilari asko dago, «20tik gora seguru izango garela». Festa ondo ateratzen bada, datorren urtean berriro antolatzeko prest izango direla esan du antolatzaileak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!