Udaberri Festak ospatuko dituzte asteburuan Albizturren

Ataria 2023ko mar. 23a, 07:58

Albiztur festan murgilduko da ostiraletik igandera; lehen aldiz, ardo txuri dastaketa antolatu dute, igande eguerdirako.

Udaberrian sartzearekin batera, Udaberriko Festak ospatuko dituzte Albizturren. Festa batzordeak hiru egunetarako egitaraua prestatu du, Larraitz Ezeiza zinegotziak azaldu duenez, «adin tarte guztietako herritarrei begira». 

Zortzi urte inguru daramatzate festa horiek antolatze. Guztia lotzeko bilera irekiak egin dituztela kontatu du Ezeizak eta gazteek, guraso elkartekoek, udal ordezkariek eta beste hainbat herritarrek hartu dutela parte. «Jendeak herrian mugimendua nahi du, festarako gogoarekin dago». 

Ostiralean frontenis txapelketako finalekin emango diete hasiera egitarauari. Kontatu du bi hilabete edo badaramatzatela sailkapen partidak jokatzen, eta «giro polita» sortu dela herrian. 

Bestetik, nabarmentzeko, lehen aldiz egingo dute igandean ardo txuri dastaketa. Horrekin batera, Oihan Txiki Kooperatibak eta Ogi Ona okindegiak postu bana jarriko dute, beraien produktuak eskaini eta aldi berean, pintxoak ere eskaintzeko. «Herrian ez da azokarik egiten, eta ikusi nahi dugu ea zer moduz funtzionatzen duen honek, aurrera begira zerbait gehiago egin edo ez jakiteko». 

Egitaraua

  • Martxoak 24, ostirala
    • 17:00. Frontenis txapelketako finalak. Gazteen mailakoak: oraindik zehazteko. Helduen mailan, emakumezkoak: Garazi Zubizarreta eta Mari Murua vs Ane Senperena eta Ainara Ugartemendia. 
    •  Jarraian. Pintxo potea, Arkaitz elkartea, txozna eta Herriko Ostatuaren eskutik. 
    • 20:00. Frontenis txapelketako azken finala. Helduen mailan, gizonezkoak: Iñaki Orbegozo eta Sabi urkizu vs Xabier Aizpurua eta urko Indaberea. Amaieran, sari banaketa. 
  • Martxoak 25, larunbata
    • 10:00. Mendi ibilaldia, Douglas izei esanguratsuetara. Ondoren, hamabitakoa parte hartzaileentzat. 
    • 16:00. Herri arteko pilota txapelketako partidak. 
    • 17:00. Ume jolasak eta eskulanak, Bizkor Guraso Elkartearen eskutik. 
    • 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
    • 20:30. Barrikotea. Udalak txotxa, ardoa eta ura jarriko ditu. Edalontzia ordaindu egin ebharko da. Afal ondoren kafea eskainiko da. 
    • Ondoren. Musika: DJ esku. 
  • Martxoak 26, igandea
    • 12:00. Ardo txuri dastaketa. Euskal produktu artisauei bultzada emanez, Oihan Txiki Kooperatibak eta Ogi Ona okindegiak beraien produktuen postuak jarriko dituzte. 
    • 17:30. Maialen Aristegiren kontzertua. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!