ELKARRIZKETA

«Garai batean ogia eskuzabal erosten zuten, orain begiratu egiten dute»

Eneritz Maiz Etxarri 2023ko urt. 13a, 07:59
Miren Argi Galartza albizturtarra. E. M.

Albizturko Ogia banatzen egiten du lan Miren Argi Galartza Irigoien albizturtarrak; ia hogei urte daramatza ogiaren bueltan lanean, eta orain askoz ere ogi gutxiago jaten dela kontatu du.

Ia hogei urte daramatza Miren Argi Galartza Irigoienek (Albiztur, 1982) ogiaren bueltan lanean. Dendan saltzen, zein furgonetarekin etxez etxe, edo jatetxeetara eta dendetara banatzen aritzen da.

Noiz eta nolatan hasi zinen ogia banatzen?

Aurretik harategi batean aritzen nintzen lanean, eta lanik gabe geratu nintzen. Okindegian pertsona baten bila zebiltzan, herritarra izanik suertea izan nuen. Herrian bertan aurkitu nuen lana.

 

«Askotan pentsatzen dute ogi beroa ogi egin-berria dela, baina horrek ez du esan nahi bereziki ogi ona denik»



Eta zein izan zen hasieran zure lana?

Dendan egiten nuen lan. Lanik gehiena bertan egin dut. Urte asko daramatzat, hogei bat urte, eta hasiera batean, dendarako hartu ninduten. Ama izan nintzenean, pixka bat aldatzen joan zitzaizkidan lanak, eta egia esan, denetarik egitea tokatzen zait. Gaur egun ere, dendan egotea tokatzen zait, banaketa egiten dut, bai etxez etxe, edota dendaz dena. Orain gehiago, dendaz denda ibiltzen naiz, eta baita jatetxeetan ere.

Hogei urte horietan nabaritu duzu aldaketarik bezeroen erosteko moduan?

Garai batean ogia eskuzabal erosten zen. Nire etxean esaterako egunero hiru ogi erosten ziren, eta bezperakoa jaten genuen. Esan nahi dudana da lehen gutxiago begiratzen zitzaiola, orain jendeak askoz gehiago begiratzen du. Kalkulatu egiten dute. Baina gazteen artean ere denetarik dago.


Miren Argi Galartza Irigoien albizturtarra da, eta bertako ogia saltzen aritzen da. E. MAIZ


Gazte gutxiagok eskatzen dute ogia?

Askok bere kabuz erosten dute. Etxez etxeko banaketa bidez erosten gehienak bere garaian hasitako jendea da. Bezero hauek jarraitzen dute.

Berri gutxi gehitzen da?

Tarteka, baina gutxiago da. Gazteen artean ere badira ogia hartzen dutenak, eta gazteak esatean, nire adinaren bueltakoak esan nahi dut, jada familia bat osatu dutenak, esaterako. Batzuk asko eskertzen dute, baina ez da lehen bezala. Lehen askoz ere zailagoa zen. Kotxe gutxiago zeuden, amak etxean egoten ziren, eta ez da orain bezala. Lehen gehiago eskertzen zen ogia etxez etxe eramatearena. Orain askoz errazagoa da. Kotxea hartu eta lanera zoaz, eta ogia erosi dezakezu.

Gehiengoak ogi egin-berria nahi du, ezta?

Bai. Hori asko ematen da. Askotan pentsatzen dute ogi beroa ogi egin-berria dela, eta izango da, baina ez du esan nahi bereziki ona denik. Azken batean ogi hori nola egin den begiratu behar da, hor dago gakoa. Ez da zenbat ordu pasa diren erre duzunetik. Ogia nola egiten den ere izugarrizko aldea dago. Jendea beroa egotearekin gustura geratzen bada ere, ez da horrela izaten.

Ogi txar asko dago?

Bai, asko dago. Ogi ona eskertzen duen jende asko dago, baina beste asko berdin zaiona dago. Hori da nik uste dudana. Gainera, ogiak fama txar pixka bat ere badu; gizendu egiten duela eta ez duela...

Ogi gutxiago jaten dela esango zenuke?

Kantitateak lehengoak ez dira. Orain familia batek askoz ere ogi gutxiago jaten du, baina horien artean badira ogi ona estimatzen dutenak, eta bila etortzen direnak. Orain gainera mota askotako ogiak daude. Eta nik ez dakit oraingo umeek lehengoak bezalako ogitartekoak jaten dituzten edo ez. Pixka bat plazan begiratuz gero, ez dakit ba ogitarteko asko ikusten den. Eta nire semeek ere esaten didate hamaiketakorako oso gutxik eramaten dutela ogitartekoa.

Etxez etxe edo baserriz baserri banatzean bezeroarekin egoten zarete, edo bakoitzak ogia uzteko bere tokia badu?

Astean zehar Albizturren orain 07:30ak aldera egiten da banaketa, eta ogia normalean utzi egiten da. Agian bat edo beste atera daiteke. Banatzaileak badaki jada etxe bakoitzean zer nahi duten, eta bestela oharren bat utziko dute, eta badaki non utzi behar duen ogia. Zaku bat edo buzoi bat egoten da. Igandetan bai beranduago egiten da banaketa, eta igandeetan bezeroekin egoteko aukera gehiago izaten da. Aukera ere gehiago izaten da. Ogiaz gain, opilak ere eskatu daitezke, eta inork postrerik nahiko balu ere eramaten zaio. Eta ogia eta egunkaria egunerokoa da.

Zortekoak dira albizturtarrak...

Nik uste baietz. Hala ere, gaur egun, banaketan aritzeak gastuetarako ere ez dizu ematen. Gasolioa dela, langilea, irina,.... ez da errentagarri ateratzen. Kotxea ere izorratzen joaten da. Baina gure herria denez mantendu egin nahi dugu baserrietara eta etxeetara ogia ematearena kosta ala kosta. Badakit okinen batzuk toki batzuetara joateari utzi diotela errentagarri ez delako.

Irina asko garestituta da?

Krisi hau astearekin batera irina %10 garestitu zen. Azagratik ekartzen dugu, eta hasieran ogiaren prezioari eusten ahalegindu ginen, baina berriz ere gora, eta ezin duzu prezio bera mantendu. Dena joan da gora, eta guk ere dena ordaindu behar dugu. Eta produktu ona ordaindu egin beharra dago.

Eta ogiarekin lotuta doa egunkaria, ezta?

Bai, batera doaz. Eta bada egunkaria bakarrik hartzen duenik ere. Familiak asko aldatu dira, eta hemen bakarrik bizi den edo adinekoa den asko bizi da. Horiek ogia eta egunkaria erostera ohitu dira eta mantendu egiten dute, baina jada ogi gutxi jaten dute. Jada ogia botatzeko ere ez dago, eta badira bi egunetik behin hartzen dutenak... hala ere, gutxi dira. Gatzik gabea ere behar izaten dute.

Ogi mota asko dituzue?

Ogi handia, txikia, integrala eta gatzik gabea ditugu. Eta igandeetan ogi handia bakarrik egiten dugu. Beti saiatzen gara ogi ona egiten, eta beti ikasten ari dira gure okinak.

Eskertzen den zerbitzua da etxez etxe banatzearena?

Eskertzen dela esango nuke, baina betidanik ezagutzen dugun zerbitzua denez, horrelakoetan askotan gertatzen da falta denean gehiago estimatzen dela. Nik estimatuko nuke behintzat, zeren batzuetan ez duzu gogorik izaten kotxea hartu eta ogiaren bila jaisteko. Aste guztia ibiltzen zara aurrera eta atzera, eta igandean lasai jaiki eta ogia eta egunkaria etxean izatea, eta nahi izatera gainera gosaltzeko croissantak. Orokorrean jendea goxoa da, eta harremanak ere sortzen dira.

Zuena ia 365 eguneko lana da. Okinek bi egun dituzte jai, ezta?

Bi egun direla esan daiteke, baina azkenean ez ditu horiek ere jai, ogia egin behar izaten da eta. Dendak egoten dira itxita.



Lan lotua dela esango zenuke?

Bai. Egunero egin behar da lana. Hori bai, bakoitzak bere jai egunak ditugu, baina bai, lotua da. Ez dago ez zubi edo astebururik. Ohitu egiten zara hala ere.

 

«Gozo asko ditugu, eta horiek jaten aspertu zaitezke [...] Ogiarekin ez naiz aspertzen; ez dago egunik ogia jan gabe egoten naizenik»



Ogia gustuko izango duzu, ezta?

Bai, noski.

Eta jateko tentaziorik izaten da?

Ogiaz gain gauza gehiago egiten ditugu; donutsak, opilak, pastak, sagar tartak... gozo asko ditugu, eta horiek jaten aspertu zaitezke. Denbora pixka bat egon naiteke jan gabe, baina ogiarekin ni ez naiz aspertzen; ez dago egunik ogia jan gabe egoten naizenik.

Zer da jendeak gehien eskatzen duena?

Ogi normala da gehien saltzen dena. Ogitartekoak egiteko ere balio du; besteak, bereziak dira eta gustatu egin behar zaizkizu. Bezeroaren araberakoa da. Umeak dituztenak eta normalean barratik tiratzen du.

Denda edo beste okindegietara ere banatzen duzue.

Hori da. Albizturren ogi arruntak eta integralak egiten dira, eta bertan ez da ogirik saltzen. Gero, ogi berezi guztiak Tolosako Korreo kalean dugun obradorean egiten dira, eta bide batez denda ere badago saltzeko, eta beste denda Berazubin dugu. Ni gehienbat denda horietako banaketak egiteaz arduratzen naiz. Eta gero aparte taberna batzuk ditugu, eta baita kafetegi bat edo beste ere. Horrez gain, Villabonara ere joaten naiz, eta beste hiru dendatan egiten dut banaketa.

Zer alde on eta txar dituela esango zenuke ogi banatzaile izateak?

Eguraldiak eragiten dit; autobian denak presaka ibiltzen dira, eta eguraldi txarrarekin asko aldatzen da egoera. Horrela, ogia banatzeko ere deseroso geratzen da. Gainerakoan, ondo. Lan polita da. Dibertigarria, eta jende askorekin egoten zara. Alde Zaharrean sartzean ere kontu handiarekin ibili beharra daukat, oinezkoen kalea da-eta, baina ez da arazoa, azkenean ohitu egiten zara. Eta egun guztiak ezberdinak izaten dira; beti izaten da zerbait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!