Lehen aldiz Garagardo Festa antolatu dute, Albizturren

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko azaroaren 9a

Bizkor Guraso Elkarteak antolatu du I. Garagardo Festa larunbaterako; mus txapelketa eta ohe elastikoak ere izango dira.

Albizturko Bizkor Guraso Elkarteak I. Garagardo Azoka antolatu du. Larunbatean izango da, eta garagardoaz gain, mus txapelketa eta haurrentzako ohe elastikoak eta jolasak izango dira. «Urtean zehar ditugun gastuetarako diru pixka bat ateratzeko antolatu dugu», dio Larraitz Ezeiza guraso elkarteko kideak.

Aurretik babarrun jateak-eta antolatu izan dituztela azaldu du; «aurten babarruna gutxi dela, eta zerbait ezberdina egiteko gurasoen proposamenen artean atera zen garagardo dastaketarena. Ideia ona iruditu zitzaigun», adierazi du.

Ideiari forma eman, eta eguna antolatu dute larunbaterako. Sei garagardo ezberdin jarriko dituzte dastatzeko.

15:30erako Mus Txapelketa antolatu dute. «Parte hartze irekia da, eta nahi duenak izena eman dezake», dio guraso elkarteko kideak. Haurrak ere gogoan izan dituzte, eta 16:30ean, ohe elastikoak jarriko dituzte, eta baita jolas batzuk ere.

19:30etik aurrera afaltzeko aukera izango da. «Parrilla jarriko dugu, eta bertan egingo ditugu hirugiharra, solomoa, txorizoa eta saltxitxak», zehaztu du Ezeizak. «Altunako saltxitxak izango dira, hau da, bi saltxitxa mota ezberdin, eta baita Bidaniako hanburgesak ere». Garagardoa nahi ez duenarentzat sagardoa edota ardoa ere jarriko dituzte.

Herriko eskolako gurasoen artean antolatu dute guztia, eta egunean bertan ere lanak gurasoen artean banatuko dituzte. «28 guraso gara, eta bakoitzak bere lana izango du», esan du Ezeizak.

Frontoia bilakatuko dute garagardotegi, eta herritarrei eta eskualdekoei ere dei egin diete bertaratzeko.

MUS TXAPELKETA

Mus Txapelketan parte hartu nahi dutenek 15:30etik 16:00etara bitartean frontoian eman beharko dute izena. Lau erregetara, bost hamarrekotara eta hiru usteletara jokatuko da.

Bikoteak 20 euro ordaindu beharko du izen ematea, eta txapelketari hasiera 16:00etan emango zaio. Lehen saria izen ematearen %50 izango da, eta bigarren sailkatuek izen ematearen %30 jasoko dute. Aldiz, hirugarren geratzen den bikotearentzat gazta eta ardo botila izango dira saritzat eta laugarren bikoteak ardo botila jasoko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!