Talo jatea, herritarren bilgune izateko

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 26a, 11:57

Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran izango dira 'Koplariak koplari' emanaldiarekin, larunbatean, 18:00etan, eta ostean izango da talo jatea.

Iaz antolatu zuen lehen aldiz Albizturko Udalak herrira begirako Talo jatea. Erantzun «ona» izan zuenez, aurten berriz ere antolatzea erabaki dute. Larunbatean izango da, eta besteak beste, herritarren bilgune izatea du helburu.

Garai batean gaztaina jateak-eta egiten zirela ekarri du gogora Alazne Urkizu zinegotziak. Euskal giroko beste zerbait antolatu nahi zuten, eta talo jatea egitea erabaki zuten. Ataungo talogileak ekartzen dituzte Albizturrera, eta beraien lana izango da herritarrak taloz asetzea. Giro polita sortzen dela aurreratu du. «Aurtengorako ere gogoa dagoela iruditzen zaigu bai gazte eta baita helduen artean ere», gaineratu du.

Udalak Arkaitz elkartearen laguntza izaten du, eta postrea eta kafea jarriko ditu bertaratzen direnentzat. Aldiz, udalak, ura, ardoa eta sagardoa jartzen ditu herritarren eskura.

Baina, arratsaldeari hasiera 18:00etan emango diote, eta Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran (Korrontzi) etorriko dira Albizturrera Koplariak koplari hitzaldi musikatuarekin. Emanaldia Albizturko Andra Mari elizan eskainiko dute.

Behin 19:30etik aurrera, hasiera emango diote talo jateari, frontoian, eta aldez aurretik esan moduan, Ataungo talogileen eskutik izango dira taloak. Hirugiharra, txorizo edo txokolatea izango dituzte aukeran, eta ogiarekin jan nahi duenak ere posible izango du. Udalaren laguntzari esker, herritarrek bost euro ordaindu, eta bi talo jateko aukera izango dute.

Giroa alaitzeko, berriz, herriko trikitilariek jarriko diote musika pilotalekuari. «Festa giroa jartzeko zozketa batzuk ere izango dira tartean», aurreratu du zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!