Albizturko Udalak herritarren parte hartzea behar du landa-lurrak topografikoki mugatzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 4a, 19:58

Albizturko Udalak Geograma enpresa kontratatu du herriko 2. poligonoko landa-lurren mugaketa egiteko. Lanak behar bezala egin ahal izateko, hau da, lursailen mugak eta mugarriak adosteko ezinbestekoa dute 50 jabe baino gehiagoren laguntza. Hori horrela, astelehenean, hilak 10, jabeekin bilerak egingo dituzte, 11:00etan eta 19:00etan. 

Topografikoki mugatuko ditu landa-lurrak Albizturko Udalak, eta horretarako herriko 2. poligonoko lurren mugaketarekin hasiko da. «Jabe edo oinordekoek landa jabetzak ahazteak edo ez ezagutzeak, mugarriak eta mugak garbi ez egotea edo desagertzea dakar», azaldu dute udaletik, eta «horren ondorioz mendia ez da zaintzen, nekazaritzako kalte larriak eraginez».

Egoera ikusirik, Albizturko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailetik diru laguntza lortu du. Landa-lurretan dauden eta 248 hektareako azalera duten 170 lursail baino gehiagoren mugatze lanak hasi ditu, eta lanak aurrera eramateko Geograma enpresa kontratatu du.

Herrian nekazaritza inguruneak duen garrantzia ikusita, «erronka handi bati aurre egin beharko dio proiektu honekin Albizturrek», nabarmendu dute. Behin lehen poligono hau egin ondoren, gainontzekoak datozen urteetan egingo dituztela aurreratu dute. Proiektuaren helburua, «mugetan egon daitezkeen akatsak argitu eta zuzentzea, eta mugarriei eta mugei GPS koordenadak ematea dira».

Jabeen laguntza, ezinbestekoa

Lanak behar bezala egin ahal izateko, ordea, ezinbestekoa dute 50 jabe baino gehiagoren laguntza: «Mugakideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko baitituzte». Lanak bukatu ondoren, «jabeei, mugak zehaztuta eta mugarrien koordenadak dituzten planoak emango zaizkie, katastroko mugak zuzenduz beharrezko izanez gero». 
Albizturko Udaletik mugakide diren jabeei laguntza eskatu diete, «mugak adostuz lagun dezaten, ezinbestekoa baita lanak egin ahal izateko». Mugakideen artean adostasunik lortzen ez badute, proiektua ezingo dela aurrera eraman esan dute. Jabeen parte hartzea borondatezkoa izango da, eta ez dutela ezer ordaindu beharko azaldu dute, baina «aurrez mugak garbitu eta mugarriak topatu beharko dituzte altxatze topografikoa egiteko». 

Albizturko 2. poligonoko landa-lurren jabe guztiei proiektua azaltzeko bilera baterako deialdia luzatu diete. Bilerak hilaren 10ean, astelehenean izango dira. Goizean 11:00etan egingo dute, eta goizez ezin duenak 19:00etan izango du aukera. «Guztioi interesatzen zaigun proiektua da», azaldu dute, eta aldez aurretik eskertu nahi izan dituzte jabeak udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!