Albizturko jaiak 2022

Haur, gazte eta helduei begirakoak

Irati Saizar Artola 2022ko abuztuaren 10a

Abuztuaren 13tik 15era Ama Birjin jaietan murgilduko dira albizturtarrak; hiru egunetan, askotariko ekitaldiak izango dituzte, eta azken egunerako utzi dute saltsa sortu dezakeen hitzordua: Albizturko eta Bidaniako gazteen arteko lehia.

Mozorrotuta hasiko dituzte festak Albizturren, lehen eguna, abuztuaren 13a, mozorro eguna izango baita. Eta gazte egunaren izendapena ere eman diote egun horri. Izan ere, eguerdian egingo duten triki poteoaren ostean, gazte eta umeen bazkaria egingo dute. Ama Birjin egunera arte luzatuko dituzte aurtengo jaiak.

Lehen egun horretan, bazkariaz gain, herri afaria ere izango dute. Aurrez erosi beharko dira txartelak herriko tabernetan. Eta hurrengo egunean, herrirako apropos egokitutako hitzordu bat dute, 12:00etan: AlbizTour lasterketa. Bizikletan egiten duten karrera izaten da, adin guztiei begira antolatutakoa. Hiru kategoria egongo dira lehiarako: haurren kasuan bi mailatan banatuko dituzte eta hirugarren kategoria helduena izango da.

Ama Birjin egunerako ere gorde dituzte ekitaldiak. Kirolaren bueltakoak ia denak. Umeen pilota partidak izango dira goizean, eta arratsaldean festetako hitzordurik jendetsuena izatea espero duten ikuskizuna izango da: Albiztur eta Bidaniako gazteen arteko lehia. Bi taldeei laguntzen harri jasotzaile bana eta aizkolari bana arituko dira, eta profesionalak izango dira denak. Harri jasotzen, Aimar Irigoien eta Urtzi Telleria arituko dira eta Mugertza anaiak berriz aizkoran ikusi ahal izango dira. Egun horretan bertan amaituko dira festak, lehiaren ondoren egingo den sagardo dastaketarekin eta DJ Txokoren emanaldiarekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!